Amiantoak langile bat hil du Irunen
Amiantoarekin lan egin duen langile bat zendu da Irunen. Joan den ostiralean hil zen 62 urteko irundarra amiantoak eragindako biriketako minbiziarengatik. Azken hori, ASVIAME Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak zenbatu duen 2014. urteko hamargarrena da Euskal Autonomia Erkidegoan. CCOO sindikatuak salatu du heriotza. Azaldu duenez hildakoak 1969 eta 1977 urteen artean Andoaingo Construceramica Ruiz Arlegi lantegian aritu zen “amiantoarekin kontaktoan, inongo babes neurririk hartu gabe”.