Ikastetxe publikoetako inbertsioak finantzatzeko eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzari
Irungo Udal Gobernuko Fernando San Martin Hezkuntza zinegotziak Udalaguntza programaren nondik norakoak betetzeko eskaria luzatu dio gaur goizean Eusko Jaurlaritzari. Udalaguntza programaren arabera, ikastetxe publikoetan egin beharreko inbertsioak %60an estaltzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala eta guztiz ere, San Martinek gaur goizean adierazitakoaren arabera, “2013tik bideratutako partida ez da %30era ere ailegatzen”.
Hezkuntza departamentutik azaldu dutenez, “2013 eta 2014. urteetan milioi bat euroko inbertsioak egin edo egiteko dauzka Irungo Udalak bertako ikastetxeetan”. Hala ere, udalaren arabera, Jaurlaritzak %28,46a soilik itzuliko du.
Horiek horrela, denera 11 inbertsio egin direla edo egitea aurreikusi dutela azaldu dute udaletik. “Inbertsio horietako batzuk azpiegituren egoera ona mantentzeko” beharrezkoak direla azaldu du zinegotziak.
Horrez gain, Helduen Heziketarako Ikastetxean (HHI) irakasle kopurua murriztu izana ere salatu du San Martinek.