Lau urteko haur bat hil da herriko jatetxe bateko atea gainean erorita
Hondarribiko Udalak dolumina azaldu dio atzo "hiriko ostatu batean" gertatutako istripu batean hil zen umearen familiari. Bidasoa pasealekuko sagardotegi batean hil zen lau urteko haurra, kristalezko atea gainera erorita.
Hondarribiko Udalak dolumina azaldu dio atzo “hiriko ostatu batean” gertatutako istripu batean hil zen umearen familiari. “Umearen familia eta ahaide guztiei gure nahigabea adierazi eta laguntza eskaini nahi diegu, bizitzen ari diren une ikaragarri hauetan”, azaldu du udalak komunikabideei bidalitako ohar batean.
Lau urte zituen hildako haurrak. Bidasoa pasealekuko sagardotegi batean hil zen, lokaleko kristalezko atea gainera erorita. Istripua gertatu eta segituan ospitalera eraman zuten baina ezin izan zuten ezer egin haurra salbatzeko.
Ertzaintza ezbeharra ikertzen ari da, istripua zergatik gertatu zen jakiteko.