Sailkapen nagusian bigarren postuan dago Hondarribia, Orioren atzetik. San Juan seigarren jaitsi da eta San Pedro hamaikagarren.

Oriok denboraldi hasiera itzela egin du eta lidergoan da
Ama Guadalupekoak hirugarren postuan bukatu ditu asteburuan Galizian egin diren San Miguel Ligako bi estropadak, larunbatean Sanxenxon eta atzo Bueun. Hondarribiarrak gustura daude egindako lanarekin, batez ere aurreko traineruak gertu izan dituztelako. Sanxenxon Urdaibaik irabazi zuen Orioren aurretik, eta berdeek hamalau segundo galdu zituzten. Igandean hobeto jardun zuten hondarribiarrek; Orio izan zen nagusi, Urdaibai bigarren bi segundora eta Ama Guadalupekoa hirugarren, bost segundora.
San Juanek liga hasi bezala bukatu du asteburua, seigarren postuan, baina arrosak atzetik aurrera datozela dirudi. Sanxenxon zazpigarren geratu ziren, irabazlearengandik 50 segundora. Bueuko banderan, aldiz, 22 ehunekora izan zuten bosgarren tokia; seigarren izan zen San Juan, baina oso gertu izan zituen txanda berean aritu ziren Tiran eta Cabo, atzetik.
San Pedro lehen txandan aritu beharko da hurrengo asteburuan ere, Galizian ez baitzuen emaitza onik lortu. Sanxenxon nahiko ondo aritu ziren hango ur mugituetan baina segundo eskasagatik ez ziren zortzigarren tokian geratu. Igandean okerrago joan zitzaien, hamaikagarren, bakarrik noraezean dabilen Pedreña gaindituta.
Sailkapenean, berdeak bigarren
Bartzelonako estreinaldiko garaipenearen eta Galiziako bi estropadetan egindako lan txukunaren ondoren, Orio da nagusi San Miguel Ligako behin behineko sailkapenean. 35 puntu pilatu dituzte orain arte horiek, Hondarribiak eta Kaikuk baino zazpi gehiago. Gogoratu behar da Urdaibai sailkapeneko azken postuan dela, garaipen bat eta bi bigarren postu lortu arren; aurreko denboraldietan debekatutako produktuak erabili izanagatik epaileak erabaki zuen liga -95 punturekin hasiko zirela bermeoarrak.
San Juan bosgarren jarri da sailkapen nagusian, hemeretzi punturekin, eta San Pedro hamargarren postura jaitsi da, 9 puntu lortuta.
Datorren asteburuan beste bi estropada jokatuko dira San Miguel Ligan. Larunbatean IX Bandera Marina de Cudeyoko IX. Bandera jokoan izango dute Pedreñan eta igandean III Euskolabel Bandera Donostian.