Donibaneko lehen triatloia egingo dute larunbatean
Donibaneko triatloia —sprint moduan— egingo dute estreinakoz datorren larunbat arratsaldean, 15:30etik aurrera. Parte hartzaileek 750 metro egin beharko dituzte igeri, hogei kilometro bizikletan eta beste bost korrika.
Nabalaldea egongo dira boxeak, eta arraun elkartearen arrapalatik hasiko dira igeri egiten, badian zehar. Bizikletan egin behar duten ibilbidearen barruan Jaizkibelera igoera dago, eta oinez, berriz, Donibane kaletik ibili beharko dute. Bi itzuli egin beharko dituzte azken horretan, barrutiaren alde batetik besteraino. Bizkaia plazan bukatuko da proba.
2 Sport Eventek antolatu du proba, Gipuzkoako eta Euskadiko triatloi federazioekin batera. Donibanekoa ez da Euskal Herriko zirkuiturako puntuagarria izango.