Ostiral honetatik aurrera, planetako zesta puntako kirolari onenak Hondarribiko Jostaldin lehiatuko dira bi hilabetez. Batetik, Munduko Pilota Biltzarraren Binakako Txapelketa jasoko du uztailan, eta bestetik, banakako txapelketa eta Jai Alai World Tourreko final handia egingo dituzte bertan ere, abuztuan. Aurreko urtetan bezala, kirol eskaintzari gastronomikoa batuko zaio.
Aurten berriro maila goreneko zesta izango da Jostaldin
Ostiral honetatik aurrera, planetako zesta puntako kirolari onenak Hondarribiko Jostaldin lehiatuko dira bi hilabetez. Batetik, Hondarribiko frontoiak Munduko Pilota Biltzarraren Binakako Txapelketa jasoko du uztailan, eta bestetik, banakako txapelketa eta Jai Alai World Tourreko final handia egingo dituzte bertan ere, abuztuan. Aurreko urtetan bezala, kirol eskaintzari gastronomikoa batuko zaio eta iraila arteko ostiraletan pilotalekura hurbiltzen direnek marmitakoa, herriko txakolina eta Errioxako ardoa dastatzeko aukera izango dute, sarreraren truke.
Atzo eguerdian egin zuten udaletxean Jostaldik udan jasoko duen programaren aurkezpena. Bertan izan ziren Munduko Pilota Biltzarreko zuzendari tekniko Kepa Arroitajauregi, Jai Alive enpresako arduradun Iñaki Egiguren, Hondarribiko Pilota Eskolako presidente Iñigo Salaberria eta kirol zinegotzia, Txomin Sagarzazu; haiekin batera, txapelketan ariko diren puntistetako batzuk eta herriko pilota eskolako haurrak, baita udako jaialdietan lagunduko duten babesle eta sukaldarien ordezkaritza bat ere.
Arroitajauregik nabarmendu zuen “lau ostiralez Jostaldin goi mailako kirol partidak” izango direla eta Jaurlaritzak hainbat eragileren laguntzarekin abiatutako Jai Alai World Tourrarri esker zesta puntak eta Hondarribiko udako jaialdiek “bultzada” jasoko dutela gaineratu zuen. Jai Alai World Tourraren barruan munduko hainbat lekuetan txapelketak antolatu dituzte eta horien barruan kokatzen da aurten lehen aldiz binakako munduko txapelketa.
Antolatzaileak, kirolariak eta laguntzaileak
Gainera, bira mundialeko txapelketetako irabazleen artean final handi bat jokatuko da abuztua bukaeran eta hori Hondarribian burutuko dela jakinarazi zuen Egigurenek. Jai Alive enpresako arduradunak dei egin zien herritarrei eta inguruko herritakoei ostiraletan Jostaldira hurbiltzeko, “zesta puntaz kirol bezala baina baita plan bezala gozatzeko”, eta eskerrak eman zien herriko ostalari eta sukaldariei jaialdietan lagunduko dutelako. Ostiralero txandaka, herriko sukaldari batek marmitakoa prestatuko du eta jaialdiko partida nagusiaren aurretik zerbitzatuko dute sarreraren truke.
Telebistatik baino askoz hobe
Udako zesta punta jaialdien aurkezpenean herriko arrantzaleekin ere gogoratu zen Iñigo Salaberria, marmitakoa egiteko hegaluzea jarriko dutelako, eta udako jaialdietan pilota eskolako boluntarioek egiten duten lana aipatu zuen, “30 pertsonatik gora”. Ostiralero, kirola eta gastronomia eskutik joango direla nabarmendu zuen Hondarribiko Pilota Eskolako presidenteak: “”Udalerri gutxi izango dira gai horrenbesteko maila eskaintzeko kantxan eta horrenbesteko maila eskaintzeko sukaldean”.
Kirol zinegotziak gehitu zuen udako jaialdien arrakasta erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren ondorioa dela eta, udala ezinbestean egon behar dela: “Iruditzen zaigu zirkuitu honetan egon beharra dugula, kirol aldetik oso erakargarria baita”. Sagarzazuren ustez ondo dago euskal pilota telebistaz ikusi ahal izatea, baina alde handia dago etxetik ikusi edo “zestak eta pilota hauek ateratzen duten zarata” bertatik bertara entzun ahal izatea.
Zesta partida bat
Lehen fase osoa eta finala Jostaldi pilotalekuan
Munduko Pilota Biltzarraren Binakako Txapelketan sei bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta. Bikote bakoitzak bere multzoko beste bi bikoteen kontra lehiatuko da eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara pasako dira. Finalerdiak hilaren 19an eta 20an jokatuko dituzte, Plentzian eta Markinan hurrenez hurren. Final atarikoak dira Hondarribian jokatuko ez diren partida bakarrak. Hala, finala eta 3. posturako lehia Jostaldik jasoko ditu, hilaren 25ean.
Aurten zortzigarren urtea beteko du binakako munduko txapelketak eta bikote txapeldun berria izango dela nabarmendu zuen atzo Kepa Arroitajauregi biltzarreko zuzendari teknikoak: “orain arte zazpi bikote txapeldun desberdin izan dira eta aurten ere berria izango da”.
Jai Alive enpresak pilotarien arteko oreka bilatu du beste behin, baina bada faboritoren bat, hala nola, Egiguren II-Aritz Erkiaga bikotea lehen multzoan edota Mexikoko Masters Series txapelketa irabazi berri duten Olharanek eta Txasiok osatzen dutena, bigarren multzoan. Bi bikote horiek ostiral honetan estreinatuko dira, 20:00etan hasiko den jaialdian. Egigurenek eta Erkiagak Ithurria-Aldazabak bikoa izango dute aurkari eta Olharan-Txasio bikoteak Aritz Erkiagaren eta Leoren kontra jokatuko du.
Datak
- Lehen fasea: hilak 4, 11 eta 18.
- Lehen finalerdia: hilak 19, Plentzian.
- Bigarren finalerdia: hilak 20, Markinan.
- Finala: hilak 25.
Bikoteak
- Lehen multzoa: Egiguren II-Ibai Erkiaga, Ithurria-Aldazabal eta Olha-Etcheto.
- Bigarren multzoa: Olharan-Txasio, Aritz Erkiaga-Leo eta Arbe-Enbil.