Lankidetza hitzarmena sinatu dute merkatariek eta udalak
Pasaiako Udalak eta Laurak Bat elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Arizabalon. Merkatari, ostalari eta udalaren arteko "lankidetza esparru egoki bat ezartzea" da hitzarmenaren helburua, "jarduketa ildo estrategikoak planifikatzeko eta garatzeko", eta "Pasaiako merkataritzaren jarduera ekonomikoa bultzatzeko programak martxan jartzeko".
Pasaiako Udalak eta Laurak Bat elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Arizabalon. Merkatari, ostalari eta udalaren arteko “lankidetza esparru egoki bat ezartzea” da hitzarmenaren helburua, “jarduketa ildo estrategikoak planifikatzeko eta garatzeko”, eta “Pasaiako merkataritzaren jarduera ekonomikoa bultzatzeko programak martxan jartzeko”.
Hitzarmenean jasotzen denez, elkarlanean landuko dituzte udalerrian merkataritza sustatzeko ildo estrategikoak eta programak, “elkarren artean adostuta”. Zehaztu dutenez, Laurak Bat elkarteak plana aurkeztuko dio merkataritzako zinegotziari eta zinegotziak plana aztertu eta onartzeko bidea egingo du. Halaber, udalaren eta merkatari elkartearen arteko komunikazio kanal iraunkorra sortzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.
2014ko ekitaldirako udalak 6000 euroko diru laguntza emango dio merkatarien eta ostalarien elkarteari, eta Laurak Bat elkartearen eta merkataritzako zinegotziaren artean adostuko dute zer nolako jarduerak lagunduko dituen diruz udalak, eta zer nolakoak lagunduko dituzten bestelako erakundeek.
Merkatari eta ostalariek,bere aldetik beren establezimendu zein antolatzen dituzten jardueretan euskararen presentzia bermatzeko eta euskarari lehentasuna emateko konpromisoa hartu dute bere gain, baita emakume eta gizonen aukera berdintasuna bermatzekoa ere.