Maria Helguero margolari madrildarrak Euskal Herrira egindako bidaietan margotutako lanak erakutsiko ditu hilaren 31ra arte Hondarribiko Modotti tailerrean. Itsaso gaiak eta paisaiak bildu ditu batez ere baina hiri-paisaien bat ere hautatu du Kantauri itsasoari omenaldia goiburuko erakusketarako.
Ezohiko erakusketa abiatu zuen atzo Hondarribiko Kale Nagusiko Modotti tailerrak. Tokiko margolari nahiz argazkilariek bete ohi dituzte galeriako hormak baina noiz edo noiz kanpoko artistaren batek erakusten du bertan. Oraingoan, Maria Helguero madrildarrak hainbat olio margo hautatu ditu hilaren 31 arte Modottin erakusteko.

Helguero, Modottin jarritako lanen artean
Kantauri itsasoari omenaldia (
Homenaje al Cantábrico) goiburua jarri dio bildumari eta Euskal Herrira egindako bidaietan margotutako lanak jaso ditu bertan. Izan ere, madrildarra da Helguero eta Madrilen bizi da, baina hemeretzi urte daramatza oporretan Hondarribira etortzen eta herriko eta inguruko paisaiak eta gaiak ageri dira bere mihisetan.
Margotzeko zaletasuna azaldu zuenetik formazio zabala jaso du Helguerok, besteak beste, Madrilgo Peña Akademia ezagunean. Ikatz-marrazkiarekin hasi zen eta olio pinturara jauzi egin zuen gero. Circulo de Bellas Artesen garatu zuen bere formazioa eta han bereizi zen paisaia margolari bezala.
Onartu duenez, seme-alabak handitu zitzaizkionetik gehiago margotzen du eta Hondarribira udaro ekartzen ditu pintzelak, eta asmo hori du aurten ere. Modotti tailerra kudeatzen duen Gotzone Eluk nabarmendu du Euskal Herriko paisaiak artista madrildarrarengan piztu duen interesa azaltzen dela erakusketan: “Hainbat urtez hona egindako bidaietan lur honetako paisaia trinko eta sutsuek erakarri izan dute eta bistan da Kantauriko argitasuna presente dela Helgueroren lan piktorikoan”. Helguerok berak adierazi du hori hala dela, eta bere gai gustukoenak zeintzuk diren gaineratu du: “Itsasoko koadroak eta naturako paisaiak maite ditut gehien. Asko gustatzen zait paisaiak margotzea, batez ere, paisaietan figuraren bat txertatuz”.
Askotan erakutsi du bakarka Helguerok eta iazko udazkenean Madrilgo Bide Ingeniarien Eskolak erakusketa arrakastatsua jarri zuen; bisitari asko eta kritika oso onak jaso zituen.