Espainiako Haur eta Kadete mailetako Espainiako Txapelketa egingo dute asteburuan Sevillan eta Hondarribiak eta Santiagotarrakek 23 ontzirekin parte hartuko dute. Bi klubetako nagusiek eta gazteek zilarrezko domina bat eta brontzezko bost lortu zituzten duela bi aste Banyolesko urtegian eta Borja Portos 23z azpiko Espainiako selekzioarekin kontzentratuta dago.
Badiako 23 ontzik parte hartuko dute asteburuan Sevillako La Cartuja arraunketa eremu olinpikoan egingo den haur eta kadeteen Aulki Mugikorreko Espainiako Txapelketan. Osteguna da izena emateko azken eguna eta orain arte 58 taldek bat egin dute deialdiarekin, horietatik hamar Euskal Herrikoak. Hondarribia Arraun Elkartea (HAE) izango da Sevillara ontzi gehien bidaliko dituen euskal taldea (hamasei ontzi), eta Irungo Santiagotarrak taldeak beste zazpi.
Behe Bidasoko arraunlari gaztetxoek, duela bi aste nagusiek erakutsitako sasoia berretsi nahiko dute, baina ez da erraza izango. Gironako (Katalunia) Banyolesko urtegian egin zen gazte, 23z azpiko, heldu eta beterano mailetako Espainiako Txapelketa eta sei domina eskuratu zituzten eskualdeko bi klubetako ordezkariek.
Santiagotarrakek brontzezko lau domina lortu zituen eta Hondarribiak zilarrezko eta brontzezko bana. Gainera, 35 finaletatik hamabostetan izan zen eskualdeko partaidetza; Kantauri itsasoan antzerako kopururik ezin da inon aurkitu.
Borja Portos, entrenatzen (arg: J.J. Portos)
Borja Portos, konbokatuta
Espainiako Txapelketa bukatuta, selekzioarekin kontzentratuko diren arraunlarien izenak ezagutzera eman zituen Espainiako Arraunketa Federazioak eta Borja Portos Santiagotarrakeko irundarra dago horien artean, 23 urtez azpikoen mailan.
Urte osoan horren bila borrokatu da Portos eta azkenean lortu du helburua. Ekainaren 23tik Sevillako goi errendimenduko zentroan dago eta, dena ongi, hilaren 21ean Varesera (Italia) bidaiako du selekzio kideekin, bertan egingo den 23z azpikoen Munduko Txapelketan parte hartzeko.