
Alarde parekideko artxeroak, arrankadaren unean
Abiatu da Irungo sanmartzialetako egun handiko ekitaldi nagusia, Alardea. Hamarrak eta erdietan hasi dira San Martzial kalea igotzen emakumez eta gizonez osatutako konpainietako kideak, haien artean Santiago auzokoak, aurten lehen aldiz desfilatzen dutenak.
Orotara, 1.300 lagun elkartu dira alarde parekidean desfilatzeko. Santiagoko konpainiko kideak ez dira aurten estreinatzen diren bakarra, Inma Landak lehen aldiz erabili baitu jeneralaren jantzia, kargu hori hartzen duen bigarren emakumea bilakatuz. Bata bestearen atzetik irten dira Urdanibia plazatik alarde parekideko konpainiak, San Joan plazan elkartu eta hortik Junkal eliza alderantz ibilbidea jarraitzeko.
Udaletxeko balkoian hainbat erakundetako ordezkariak izan dituzte zain, hala nola, Martin Garitano Ahaldun Nagusia eta foru gobernuko beste hainbat kide, Iñigo Lamarka Arartekoa, EH Bilduko Irun nahiz Hondarribiko hautetsiak, Ernai gazte erakundeko kideak, eta abar. Emakundek eskaera luzatu zion Irungo alkate Jose Antoni Santanori, alarde mistoari harrera egin ziezaion, baina ez da agertu; desfile tradizionalean bai izan da alkatea, ohi bezala.
Tradizionala, aurretik
Zortziak izateko hamar minutu falta zirenean ekin dio bere jardunari alarde tradizionalak. Gorabehera handirik gabe egin dute bere ibilbidea emakumea kantinera bezala onartzen duten hemeretzi konpainietako kideek. Iñaki Arruabarrena jeneralaren aginduari jarraituz, hiru deskarga egin dituzte San Joan plazan; aurrenekoa ez da oso txukuna izan, bai ordea beste biak.
Ibilbidearen bukaeran denboraz justu ibili dira eta azken konpainiek azkar samar jaitsi behar izan dute Kale Nagusia, alarde parekidea hasi aurretik euren ibilbidea bukatu ahal izateko.