San Martzial egunera begira Urdanibia plaza ireki dute
“Ikusten den bezala ekainaren 27a da, plaza barruan gaude eta plaza erabilgarri dagoela esan daiteke, dagoen itxurarekin” adierazi du gaur goizean Oinatz Mitxelena Irungo EH Bilduren bozeramailak Urdanibia plazan emandako prentsaurrekoan. “Martxotik daramagun borroka honetan arrazoia genuela esan behar dugu. Plaza erabilgarri dago, gaur bertan kendu dituzte hesiak, biharko kenduko zituztela esan zuten baina azkenean gaur bertan kendu dituzte eta prentsaurrekoa ere plazan bertan ematen ari gara” gaineratu du.
Bilduren udal taldeak PSEren udal gobernuaren “borondate politiko falta” salatu nahi izan du era horretan, “jai eremu hau mantentzeko, eta txosnak eta kontzertuak mantentzeko”. Izan ere, gaur goizean bertan kendu dituzte hesiak eta Moskuko plaza ireki dute berriz ere.
“Plazaren obraren jarraipena egiteko aukera izan duen edonork argi ikusi du azken egun hauetan plazaren bermoldaketa lehenagotik egin zezaketela” leporatu diote abertzaleek udal gobernuari. Zentzu horretan, udalak argudiatutako segurtasun arazoak “bazterrean” gelditzen direla uste du Mitxelenak: “ez dago inongo arazorik, ez zulorik. Alkatearen eta Belen Sierra zinegotziaren hitzak behin eta berriro segurtasuna izan dira eta argi gelditzen da ezin daitekeela argudio izan gaur egun dugun plazaren argazki honekin”.
Horiek horrela, plaza azken asteburuan irekitzea eta txosnak eta kontzertuak behintzat egun horietan zehar mantentzea, EH Bilduren udal taldeak eskatu bezala, posible zela berretsi dute abertzaleek. “Hasieratik esan dugu 30erako borondate hori baldin bazegoen, zergatik ez 5 egunera luzatzea. Eta gaur 27an argi gelditzen da aukera hori bazegoela”, bukatu du Mitxelenak.
‘Penagarria’ harrerarik ez egitea
Antxeta Irratiak galdetuta, Jose Antonio Santano alkateak hilaren 30ean Alarde Parekidearen harrera egiteko garaian aurreko urteekin “koherente” izango zela adierazi zuen. Zentzu horretan, “penagarritzat” jo du EH Bilduren udal taldeak “parekidea den alardeari harrerarik ez egitea”. Hori dela-eta, “argi gelditzen da urrats asko egin behar direla oraindik” .
Era berean, alardearen afera Berdintasun Planetik desagertu izana salatu du beste behin Mitxelena bozeramaileak.