Sorzabalbere-Almandoz eta Larrarte-Mancisidor lehiatuko dira sanmartzialetako trinkete finalean
Etzi larunbatarekin izango da XIX. San Martzial Trinkete Txapelketaren finala Ramuntxo Berrin. 11:00etan ekingo diote elkarren arteko lehiari Larrarte-Mancisidor eta Sorzabalbere-Almandoz bikoteek. Ramuntxo Trinkete Klubeko eta Kurpil Kirolak taldeko bikoteak dira hurrenez hurren.
Aritz Larrartek eta Oscar Mancisidorrek osatutako bikotea Javier Otxandorena eta Ander Arabolaza bikotearen aurka 30-26 gailendu zen finalaurrekoetan. Ramuntxotik azpimarratu dutenez Otxandorenak “lan aparta” egin zuen eta Arabolazak “progresio ikusgarria” egin du azken denboraldian.
Unai Sorzabalbere eta Migel Almandozek bestalde, 30-22 irabazi zuten Aitor Galdos eta Aitor Telletxearen kontra finalaurrekoetan. Kurpil Kirolak taldeko pilotariek ez zieten aukera gehiegirik eman Ramuntxokoei eta azkenean, garaipena lortu zuten.
Horiek horrela larunbatean ikusi beharko da zein den XIX. San Martzial Trinkete Lehiaketaren irabazlea. Lehia hasi aurretik hala ere, kimu mailako eskupilota partida ikusteko aukera izango da. Iker Etxebeste eta Unai Amiano, Ander Terroba eta Iker Amiano bikoteak elkarren aurka lehiatuko dira.