Oarso Bidasoko Ernai, Sortu eta LABek mobilizazio eguna antolatu dute datorren asteazkenerako —uztailaren 2a—. Hitzarmen kolektiboaren aldeko apostua argi utzi nahi dute, eta Confebask patronalak duen jarrera kritikatu. Goizean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan egingo dituzte mobilizazioak —Donostian 11:00etan hasiko da, Artzain Onean—, eta arratsaldetan eskualdetan. Oarso Bidasoari dagokionez, Errenteria-Oreretako Herriko Plazan jarri dute zita, 19:30ean.
Uztailaren 2an mobilizazioak egingo dituzte Sortu, LAB eta Ernaik.
Ezker abertzaleko hiru erakundeek salatu dutenez, euskal herritarren “pobretze prozesua aurrera doa”. Esan dutenez, “langabezia tasak izugarriak dira, lana egiteak ez du bermatzen pobreziatik ateratzea, eta egiten diren kontratazio berriak prekaritatean egiten dira”. Lau kolektiboren egoera bereziki “gordina” dela azpimarratu dute: gazteena, emakumeena, denbora luzez lanik gabe daudena eta 45 urtetik gorako pertsonena.
Sortu, LAB eta Ernairen ustez, patronalak hitzarmen kolektiboa “blokeatuta” edukitzeak egoera okerragotzea dakar. Patronalaren —”bereziki Adegiren”— “jarrera erasokorra” gaitzetsi dute, hitzarmen kolektiboak blokeatzen diren bitartean “sortzen den aberastasunarekiko soldatek gero eta pisu gutxiago daukate”. Horregatik, hitzarmen kolektiboa “aberastasunaren banaketa bidezkoagoa egiteko tresna” dela adierazi dute.
Patronalek klase enpresariala ordezkatzen ez dutela aipatu dute, eta EAJ eta Jaurlaritzak ematen dien babesa salatu dute. Hitz gogorrak izan dituzte Adegirentzat: “Sekulako esfortzua egiten ari dira Gipuzkoa hondamendian dagoela esanez, baina datu makroekonomikoek bestelakoa esaten dute, non langabezia tasa txikiena dugun, sare produktibo eraginkorrena, lan baldintza hobeak, sarrera fiskalak gora doaz…”.
Patronalari “planto” egiteko eta lan harremanak Euskal Herrian erabakitzearen alde deitu dute mobilizatzera. Gainera, datorren hilabetean Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan egingo dituzten udalbatzarretan mozio bana aurkeztuko dutela iragarri dute.