Oiartzungo Udal Gobernuak jakitera eman duenez, auzoz auzo bilduko da bizilagunekin uztailaren 1etik 3ra bitartean. Bi zatitan banatuko du prozesua udalak, eta lehen zatian iaz auzo bakoitzak lehenetsitako eskaera nagusiak zertan diren azalduko dute hautetsiek. Bigarren zatian, eskaera berriak bilduko ditu.
Horiek horrela, momentura arte gauzatutako lanen berri emango dute udal ordezkariek lehen urratsean. Aldi berean, oraindik hasi gabe dauden egitasmoen gaineko azalpenak emango dituztela azaldu dute: “Herritarrei gauzak bertatik bertara azalduz, udalak gardentasun ariketa egingo du”.
Eskaera berriak jasotzeari dagokionez, urtea bukatu aurretik aurreikuspen ekonomikoa kontuan hartu nahi du udalak. Era horretan, azaroan bueltatuko dira udal hautetsiak auzoetara lehenetsitako eskaerak zeintzuk diren zehazteko eta 2015eko aurrekontua egiterakoan kontuan hartzeko.
Egutegia
- Altzibar: uztailaren 1ean Eskoletan, 19:30ean.
- Gurutze: uztailaren 1ean Bizardia elkartean, 19:30ean.
- Iturriotz: uztailaren 2an auzo lokalean, 19:30ean.
- Karrika: uztailaren 2an Artaso elkartean, 20:00etan.
- Ergoien: uztailaren 2an Auzokalte elkartean, 20:30ean.
- Elizalde: uztailaren 3an udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.
- Ugaldetxo: uztailaren 3an Atamitxen, 19:00etan.
- Arragua: uztailaren 3an Aldeguna elkartean, 19:30ean.