Urtzi Argibay
Hamalau urtez Oiartzun Irratian, eta azken zazpiak goizeroko Arguyuan saioa egiten. Horregatik arras ezaguna egin da Oiartzunen Urtzi Argibay (Errenteria-Orereta 1986) kazetaria. Baina etzi (ostirala, hilak 27), azken aldiz zuzenduko du saio hori, irratia utziko duelako. Aurrera begirako bere asmoen berri eman dio HITZA-ri, irratian izan den bitartean sentitu duena adierazteaz gain.
Hamalau urteren ondoren Oiartzun Irratia utziko duzu. Zergatik?
Zazpi urte daramatzat Arguyuan saioa egiten; baina berez, Oiartzun Irratian, 14 urte. Orain, proiektu berri dut esku artean, Eusko Tv izenekoa. Online telebista, telebistako produktora, artisten errepresentazioko agentzia bat da. Aurreko urteko irailean abiatu genuen egitasmoa, Patricia Medjidi Juezek eta biok. Gure saioetako bat Teledonostian emitituko dute, oso pozik nago horregatik. Hala ere,
www.euskotvonline.com webgunean ikusteko aukera izango da saio hori.
Egitasmo komunikatibo horren ardatzak zeintzuk dira?
Guk, produktora garenez, telebistako programak ekoizten ditugu. Gure helburua da programa horiek saltzea eta emititzea. Horrez gain, online bidezko telebista ere bada.
Hortaz, txiki gelditu al zaizu herri kazetaritza?
Ez da hori kontua. Herri kazetaritzan aritzea oso ona izan da niretzat, bai profesionalki eta pertsonalki ere. Zazpi urteren buruan, proiektu berriak aurrera atera nahi ditut, eta hemen aukera dut hori egiteko. Nire bizitzako fase bat itxi dut; baina ziur nago irratiko ateak beti zabalik izango ditudala.
Zer eman dizu irratiak urte horietan?
Irratiak gauza asko eman dizkit. Profesionalki hobetzeko aukera izan dut Oiartzun Irratian. Zuzenekoari beldurra galtzeko ere oso baliagarria izan dela uste dut.
Eta kendu?
Kendu… Ez dit deus ere kendu. Denak aportazio onak izan dira.
Zaila izan al da herritarretatik hain hurbil lan egitea?
Zaila ez, oso erraza da. Herri kazetaritzatik gehien atsegin dudana, hori da, herritarrekin duzun gertutasuna. Oiartzuarrak oso ongi portatu dira nirekin urte hauetan. Hori eskertu nahi diet.
Oiartzun ezagutu duzu irratiaren bitartez. Nolakoa da, zure ustez?
Oiartzun oso herri aktiboa da. Ekintza eta ekimen asko antolatzen dira, eta hori poztekoa da. Herriko jendearekin harremana izatea plazer bat izan da.
Urte hauetan zerbaitek markatu al zaitu bereziki?
Egia esan, urte hauetan guztietan, elkarrizketa dezente egin ditut. Elkarrizketa guztiak egin ditut oso gustura, eta denak gustatu zaizkit. Bat aukeratzekotan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen harira egindako bat aipatuko nuke, Laura Mintegiri egindakoa [EH Bildu]. Hautagai guztietatik, bera bakarrik etorri zen, eta hori asko estimatzen dut.