Festetan oroigarria jasoko dutenez gain, estatu motari buruzko hiru mozio aztertu dituzte ekaineko plenoan. Eztabaida aberatsa sortu zen talde politikoen artean.
Errenteriako Udalbatzak aho batez onartu zuen atzo arratsean, plenoan, Errenteria Musika Kultur Elkartea eta Mikel Izagirre Anabitarte madalenetan omentzea. Musika bandaren kasuan, EAJk egin zuen proposamena, aurten mende eta erdi betetzen dituelako. Izagirrek, berriz, ezintasun fisikoak dituzten pertsonen aldeko lanean aritu da urte luzez, eta egun Mindara elkartean ari da lanean. PSE-EEk jarri zuen mahai gainean bere izena. Talde politiko guztiak bat etorri ziren oroigarria jasotzeko adina merezimendu egin dituztela.
Estatu motari buruzko mozioak
Ordura arteko adostasuna desadostasun bilakatu zen hurrengo puntuan. Izan ere, Juan Carlos I.a abdikazioaren harira, hiru mozio aurkeztu zituzten: Pikoketa elkarte errepublikazaleak bat —Errenteriako Ezkerrak babestuta—, PSE-EEk beste bat eta EAJk azkena. Banan-banan azaldu zituzten, lehendabizi. Pikoketa elkartearen mozioa aurkezteko, Paco Alvarez Barralek hartu zuen hitza. Herritarrak, Borboikoaren abdikazioaren aurrean, “harrizko gonbidatu” direla salatu zuen, eta euren artean eztabaida piztu dela estatuburuak nolakoa izan behar duen. II. Errepublikaren aldarrikapenaren testuingurua gogoraraziz, udalari eskatu zion, elkartearen izenean, III. Errepublikaren alde egiteko. Gainera, nabarmendu zuen euren elkartea anitza dela, eta errepublikaren aldarria “egungo legeen baitako formulatan” egiten dutela. Mozioa babesten zuen Ezker Anitzeko bozeramale Jose Manuel Ferradasek esan zuen proposamena “XXI. mendekoa” dela. “Herritarrei eskumena ematen die zein estatuburu aukeratu nahi duten. Berdin dio abertzale, errepublikazale edo monarkiko izan proposamenarekin ados egoteko”, gaineratu zuen.
Pikoketa elkarte errepublikarrak mozioa aurkeztu zuen
Jarraian, PSE-EEk aurkeztu zuen bere mozioa. 1978ko konstituzioaren inguruan “kontsentsua” zegoela adierazi zuen Jose Angel Rodriguezek, “baina orain zaharkitua dago”. Konstituzio horren erreforman eta federalismoan sinisten dutela argi utzi zuten, eta balizko euskal errepublika bat nolakoa izango zen galdetu zuen: “Kuba, Ipar Korea, Venezuela ala Iran bezalakoa izango al da? Guk ez dugu hori nahi”. Akats bat egin zuen Rodriguezek, Maroko sartu baitzuen zerrendan.
EAJk bi puntuko proposamena aurkeztu zuen. Maite Peñak esan zuen eurek ez dutela nahi ez Espainiako monarkiarik, ezta Frantziako Errepublikarik ere. “Euskal Herria subjektu politiko izatea nahi dugu”, zehaztu zuen. Horrela, “elkarbizitzaren eta erabakitzeko eskubidearen alde” egingo dutela gaineratu zuen.
Mozioen gaineko eztabaida
Aurkezpenaren ondoren, taldeek mozioak aztertu zituzten. Horrela, Ferradasek esan zuen sozialisten proposamena “berandu” iritsi zela, eta “PP eta PSOEren kontsentsutik haratagokoa” eskatu zien. Konstituzioaren erreformaren beharra argi dauka Ezker Anitzeko kideak: “Langabeziari, etxe kaleratzeei eta beste arazo sozialei erantzuteko moldatu behar da; baita Euskal Herria eta Kataluniaren aldarrikapen nazionalei ere. Gainera, hiritarrak diren bezala tratatu behar dira”. EAJri esan zion prozesu konstituziogileak Euskal Herriaren aldarrikapenei erantzuna emango diela. “Ez dira bateraezinak”, esan zuen Ferradasek.
PPko Chema Herzogek “udal taldearen izenean” hitz egin zuen. Hala, PSE-EEri 200 diputatu lortzeko erronka bota zion, erreformak egin nahi baditu; EAJri, “euskaldunak estralurtarrak” ez direla, “eta Espainia barruan gaude”; eta Pikoketari erantzun zion “elefante hiltzailearen garaia” pasatu dela. Felipe Vi.ari ehun eguneko epea ematea eskatu zuen, eta, bere ustez, Errepublikak “desordena” sortuko luke. Gainera, errepublikaren gaineko kontsentsurik ez egotea manifestazioetan beste aldarrikapenak egin dituztenei egotzi zien.
Ekaineko plenoa
Interbentziorik luzeena Bilduko Luisma Diezek egin zuen. Horrela, Juan Carlos I.ak 1975ean “Mugimenduaren oinarrien zin eginda kargu hartu” zuela salatu zuen. “Gero demokrata bilakatu zen”, gaineratu zuen Diezk”. “Gaur egun ditugun askatasunak langileek eskuratu zituzten. Herri honek jasan duen errepresioaren buruak Juan Carlos I.a eta Adolfo Suarez izan ziren trantsizio-tranpa hartan, eta oposizioak bere duintasun errepublikazalea saldu zuen. Gainera, Amnistiaren Legeak diktaduran basakeriak egin zituztenak absolbitu zituen. Diktaduraren paliopeko elizak ere bere horretan jarraitu zuen”, esan zuen Bilduko zinegotziak. Bere ustez, erregearen abdikazioa “lifting politikoa” izan da, eta eurek erregerik ez dutela nabarmendu zuen. “Juan Carlos I.aren hazia herritarren iritzia baino garrantzitsuagoa al da?”, galdetu zuen. Euskal errepublikaren aldeko apostua egiten dutela esan zuen Diezek, “baina elkartasunagatik, errepublikazaleen aldarria gure egiten dugu”.
Bozketa garaian, honakoak izan ziren emaitzak:
- Pikoketaren mozioa: Alde, Bildu eta Errenteriako Ezkerra (bederatzi boto); kontra, EAJ eta PP (bost boto); abstentzioa, PSE-EE (zazpi).
- PSE-EEren mozioa: Alde, PSE-EE (zazpi); kontra, Bildu, EAJ, PP eta Ezker Anitza (hamalau).
- EAJren mozioa: Alde, Bildu eta EAJ (11); kontra, PSE-EE, PP eta Ezker Anitza (hamar).
Haurren elikadura
PSE-EEk haurren elikadura babesteko mozioa aurkeztu zuen. Jose Angel Rodriguez eledunak adierazi zuen ekainaren 5ean aurkeztu zutela, eta landu ez izana leporatu zien. Sozialisten proposamena udalak duen diru soberakinetik zati bat beharra duten haurrak elikatzeko bideratzea da, eskoletako jangeletan. Ongizateko zinegotzi Jon Txaskok erantzun zien gizarte zerbitzuek elikadura arazoak detektatzen zituztela, eta PSE-EEk datu gehiago bazituen, emateko eskatu zien. Gainera, gizarte emergentziazko laguntzak familiei bideratzen zaizkiela gaineratu zuen.
PSE-EEk etenaldia eskatu ondoren, adierazpen instituzionala egitea onartu zuten haurren elikadura bermatzeko konpromisoarekin. Aho batez onartu zuten.