Hondarribiko Muliate auzoan babes ofizialeko 32 etxebizitza esleitzeko prozesua abian jarri dutela, Visesaren bitartez —Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailari atxikitako sozietate publikoa da Visesa—. Esleipen zozketan parte hartu ahal izango dute Hondarribian etxebizitza eskatzaile gisa Etxebiden izena emanda dauden pertsonek. Jaurlaritzak gutuna bidaliko die horiei, etxebizitza eskuratzeko baldintza zehatzen berri emateko.Honakoak dira baldintza horiek:
- Etxebiden izena emanda egotea.
- Gutxienez 10 urteko antzinatasunarekin Hondarribian erroldatuta egotea.
- Jabetzan etxebizitzarik ez edukitzea.
- Diru sarrera haztatuak 9.000 eta 39.000 euro artekoak izatea.
Zozketan parte hartzeko izena eman behar da, hala ere, Horren epea hilaren 26an (bihar, osteguna) zabalduko dute, uztailaren 11ra arte. Izena honako tokietan eman daiteke:
- Etxebizitzako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan (Andia kalea, 13, Donostia).
- Hondarribiko udaletxean.
- Etxebideren webgunearen bitartez.
Aurreikuspenen arabera, etxebizitza horien zozketa urriko bigarren hamabostaldian egingo dute, behin onartutakoen zein baztertutakoen zerrendak guztiz osatuta daudenean.. Gasteizen egingo dute zozketa hori, notario aurrean, baina Visesaren webgunearen bitartez zuzenean jarraitu ahal izango da.
Udalak eta Jaurlaritzak duten hitzarmenari jarraituz, erroldatutako eskatzaileen zerrenda agortzen denean, bigarren esleipen prozesu bati ekingo diote izen emate berrientzat. Horiek Hondarribiko Udalean eman behar dute izena abuztuaren 30a baino lehen.