Alarde Tradizionaleko Buruzagien Batzordeak eta Pagoki elkarteak zabaldutakoaren arabera, 700 emakume eta ume inguruk parte hartuko dute aurtengo Lastargien Prozesioan. Ekainaren 29an igandearekin izango da ekitaldia, Artalekutik abiatuta, 21:30ean. Garai bateko Erregearen Bidearen zati bat zeharkatuko dute prozesioan parte hartzen duten emakume eta haurrek.
“Arropa ilunekin etortzea eskatzen dugu, espartinak barne, koloreak ez du garrantziarik baina ez dezatela mesedez mantala edo zapi argirik ekarri” azaldu zuen Rosa Marcos Pagoki elkarteko kide eta lastarginak. “Mahuka luzearekin eta ilea zapi batekin jasota etor daitezela” gaineratu zuen.
Pagokiko kideek prozesioan parte hartzera animatu nahi izan zuten irundar oro, eta horretarako “Artaleku kalera hurbiltzeko” egunean bertan eskatu zuten. Horrez gain, “bide osoa isiltasunean” egiten dela eta soilik txalaparta eta umeen kokoak entzungo direla gogorarazi zuten.