EAJ "hauteskunde kanpaina bete betean dago", EH Bilduren ustez, eta testuinguru horretan kokatu dituzte Markel Olanok eta Nahikari Oterminek lehengo astean Pasaiako biziberritzearen gainean esandakoak. Agerraldia egin zuten lehengo astean jeltzaleek, Eskalerillasen, eta Pasaiaren biziberritzerako Aldundian defendatu behar dituzten bost proiekturen berri eman zuten.
Markel Olanok eta Nahikari Oterminek biziberritzearen gainean esandakoak erantzun ditu Bilduk
EAJ “hauteskunde kanpaina bete betean dago”, EH Bilduren ustez, eta testuinguru horretan kokatu dituzte Markel Olanok eta Nahikari Oterminek lehengo astean Pasaiako biziberritzearen gainean esandakoak. Agerraldia egin zuten lehengo astean jeltzaleek,
Eskalerillasen, eta Pasaiaren biziberritzerako Aldundian defendatu behar dituzten bost proiekturen berri eman zuten. Gaur goizean, Trintxerpeko alkateordetzan egindako prentsaurrekoan, han plazaratutakoen gaineko “zenbait zehaztapen” egin ditu Bilduk. Maider Ziganda alkate ohiak hitz egin du, eta harekin batera izan dira Roberto Lopez de Etxezarreta, eta egungo gobernu taldean alkateorde Miguel Mari Torrea, eta Oihane Oronoz. Esan dutenez “herritarrei Markel Olanok ederki ezagutzen duen historiaren berri” emateko prentsaurrekoa izan da gaurkoa.
EH Bilduk salatu duenez, Trintxerpe eta Herrerako topoko geltokiaren arteko irisgarritasuna hobetze aldera, EAJk milioi bat euro eskatu dizkio Aldundiari, eremu berbererako Udalak eta Aldundiak hitzartuta dutenaren bikoitza. Bilduren arabera, beste 500.000 euroak “pasabide horren inguruan portuari aparkaleku bat doan” egiteko nahi ditu EAJk, “gerora portuak ustiatuko duen aparkalekua”. Bilduk esan duenez, portuak kobratzeko asmoa du han aparkatzeagatik. Horrez gain, obraren egikaritzea orain arte geldiarazi duena Portua izan dela salatu du Bilduk. Aipatu asmoak Portu Agintaritzak udalari bidalitako dokumentu batean omen daude jasota, eta horien berri dokumentu horren bitartez jaso du Udalak.
Eskalerillaseko igogailuaz
Jeltzaleen proposamenen artean, bada Eskalerillasen igogailu bat jartzearena. Bilduk gogorarazi duenez, Markel Olano Ahaldun Nagusi zela eskatu zion Jaizkibiari proiektua idatzi zezan, baina proiektu hura e omen da inondik ageri. “Joan dira urte batzuk proiektu hori idatzi zenetik, baina, behin eta berriz eskatuta ere, mahai honetan eserita gaudenetako inork ez du ikusi”. Udalean proiektuaren arrastorik ez dutenez, “lehen pausu gisa” proiektua erakusteko eskatu diote Otermini eta Olanori. “Udalak zaila dauka behin eta berriz eskatu dien proiektua ikusi ere egin gabe eraikitzen”, salatu dute.
Donibane eta Lezoko bidegorriaren inguruan, berriz, “pozik” agertu da Bildu, Pasaiako Portu Agintaritzak “proiektuari trabak” jarriko ez dizkioalako. “Ederki apuntatuko dugu “promesa elektorala”, esan dute.
Bateraezintasuna
EH Bilduren arabera, gaur gaurkoz, ezinezkoa da herriaren eta Portuaren interesak batera defendatzea, eta horregatik bateraezintzat jo ditu Oterminen jarduna. Izan ere, Otermin udalean jeltzaleen bozeramaile izateaz gain, Portu Agintaritzako aholkulari ere bada. “Bi erakundeen aldeko interesak defendatzea ezinezkoa da, ez gutxienez, inguruko herritarren aurkako jarduna egiten duen portu bat bada erpinetako bat”, salatu dute. Bilduren arabera, EAJk “portuaren interesen aldeko hautua egina dauka, herritarren interesak baztertuz”. Horregatik “Portu Agintaritzaren aldeko hautua egin beharrean pasaitarren alde egiteko” eskatu diote EAJri.