EAJ "hauteskunde kanpaina bete betean dago", EH Bilduren ustez, eta testuinguru horretan kokatu dituzte Markel Olanok eta Nahikari Oterminek lehengo astean Pasaiako biziberritzearen gainean esandakoak. Agerraldia egin zuten lehengo astean jeltzaleek, Eskalerillasen, eta Pasaiaren biziberritzerako Aldundian defendatu behar dituzten bost proiekturen berri eman zuten.
Ostiralean espainiaratu zuen Erresuma Batuak Fermin Vila Fermo preso irundarra. Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku gelditu zen euskal presoa, eta momentuz, bere aurkako karguak zeintzuk diren argitu ez badute ere, tokiko zenbait mediok Soto del Realeko espetxean dagoela adierazi dute.
Urdanibia plazako eraberritze lanek eragindako egoeraren gainetik, urtero egin ohi den preso eta iheslarien aldeko kartzela erreketa ikusteko aukera izan zen bart gauean. Ohiko sua izan ez bazen ere kartoizko espetxe bat egin, eta Sargia parke ondoan sua emanda erre zuten. Bertan ikus daitezke atzoko irudiak.
Txarangaren musikak lagunduta astindu dituzte danborrak gaur eguerdian Donibaneko txikiek. Meipitik plazara bidea egin dute, gurasoak eta aiton-amonak lagunduta, eta behin plazara iritsita azken asteotan entseguetan ikasitako doinuak jo dituzte, udaletxe aurrean. Danborradako argazkiak, sanjoanen atalean, irudietan. http://youtu.be/FJX7au7AYhY