Itxura oso ona emanaz hasi dute KAE1 Liga Trintxerpe-Illunbek eta San Pedro Bk. Atzo (igandea) jokatu zuten liga horretako lehen estropada Zumaian, eta aldez aurretik pronostiko guztietan faborito zirenak aurrean ibili baziren ere (Lekeitiok irabazi zuen lehia, Getaria bigarren, Zumaia hirugarren eta Ondarroa laugarren), Pasaiako bi ordezkarien lana goraipatzekoa izan zen. Izan ere, Trintxerpe handi horien atzetik bosgarren izan zen, eta San Pedro Bk hiru traineru utzi zituen atzetik.
Esan moduan, Trintxerpe bosgarren izan zen atzo Zumaian, Lekeitio irabazletik 32 segundora. Aurreko beste hiru taldeek segundo mordoska atera zieten urdinei, baina aurten, ziur, sorpresaren bat emango dute. Talde orekatua da Trintxerpekoa, eta aurre-aurrean ibiltzeko zirrikituren bat bilatzen badu, ez du hutsik egingo. Hasteko, bosgarren postu hori ontzat eman dezakete.
San Pedro Bren aurtengo helburua mailari eustea da. Ez da makala Santurtzi, Orio B edo Castro bezalako taldeak atzean uztea, horregatik, moreen lana aitortu beharra dago, jakinda, gainera, aurretik sailkatu zen Santoñak sei segundo bakarrik atera zizkiola. Gelditzeko iritsi da San Pedro B KAE1era.
Honakoak atzoko denborak eta sailkapena:
- 1. Lekeitio 20:29
- 2. Getaria 20:39
- 3. Zumaia 20:43
- 4. Ondarroa 20:50
- 5. Trintxerpe 21:01
- 6. Donostiarra 21:04
- 7. Elantxobe 21:05
- 8. Santoña 21:18
- 9. San Pedro B 21:24
- 10. Santurtzi 21:28
- 11. Orio B 21:28
- 12. Castro 21:58