Iniziatibaren aurkezpenekoa da ondoko irudia
Oarsoaldea eta Bidasoa eskuldeetan Pilotakadaz Pilotakada, Frontoia Bete iniziatibaren barruko ekitaldia hilaren 21ean (larunbat honetan) egingo dute Oiartzungo Madalensoro kiroldegian, 17:00etatik aurrera. Etxerat elkarteak darama aurrera dinamika hori. Horren barruan pilota partidak, bertsolariak eta presoen senideen partaidetza izango dira. Presoen sakabanaketaren kontrako dinamika da, eta aurkezpenean antolatzaileek esan zutenez, “frontoiak Euskal Herriarekin duen harreman estua kontutan hartuta, presoen sakabanatzearen aurka, pilota munduaren inguruan ekimen bat egitea pentsatu genuen”.
Etxerat-ek bultzatutako dinamika urte hasieran martxan jarri zuten. Euskal Herriko zenbait herritatik igaro ostean, Oarso Bidasoaren txanda iritsi da. Lurralde osoan egin diren jarduera hauek amaierako egun bat dute. Hilaren 29an, azken jarduera bat egingo dute, Tolosan, hain zuzen ere. Ekimena txapelketa moduan egin duten herrialdeek, finalak egun horretan jokatuko dituzte.
Pilota partidei dagokienez, honakoak dira Madalensoroko partidak:
Neska gazteen arteko pala partida
- Garazi Eizmendi-Leire Gabirondo/Mari Murua-Itsaso Erasun
Joko garbia, bikoteka
- Txomin Nazabal-Josu Leonet/Xabi Ondaro-Andoni Zabala
Eskuz binakako partida
- Ander Imaz-Loritz Arrieta/Andoni Ugalde-Aitor Gorrotxategi