Pasaitarren bizi kalitatearen defentsan agerraldia egin du gaur EAJk
Biziberritzea helburu EAJk bost proposamen aurkeztu ditu batzar nagusietan, eta gaur goizean horiek aurkezten egon da Markel Olano batzarkidea, Eskalerrillasen, udaleko bozeramaile Nahikari Oterminekin batera. Ahaldun Nagusirako EAJren hautagaia izango da Olano, eta Pasaiako alkatetzarako hautagai Otermin. Iragarri dutenez, 66 milioiko soberakina ondoko proiektuetan inbertitzea defendatuko du EAJk: Eskalerrillaseko igogailua, Lezo eta Donibane arteko bidegorria, Herrera eta Azkuene arteko sarbideak konpontzeko egitasmoa, eta Molinao parkeko 3. fasea.
Olanok eta Oterminek gaur iragarri dutenez, hilaren 30ean bilduko da foru aldundian ogasun batzordea, eta ordurako bost proiektu hauen gaineko akordioa lor daitekeela defendatu du batzarkideak, horretarako “borondate politikoa” egotekotan. Horretarako negoziaketetan ari omen dira egunotan eta Portuaren aldetik “inongo oztoporik” ez dagoela esan du Oterminek.