Atez atekoari buruzko batzarrak egingo dituzte Trintxerpen
Asteazkenean da lehen batzarra, euskaraz, eta ostegunean bi egingo dituzte, gaztelaniaz, goizez eta arratsaldez
Aste honetan egin dituzte San Pedron atez atekoari buruzko batzar informatiboak eta datorren astean egingo dituzte Trintxerpen, asteazken eta ostegunean. Asteazkeneko batzarra, euskaraz, 19:00etan hasiko da; ostegunean bi egingo dituzte, biak gaztelaniaz, 10:30ean lehena eta 19:00etan bigarrena.
Gaur goizean iragarri dituzte Trintxerpeko batzarrak Amaia Agirregabiria alkateak eta Miguel Mari Torrea Trintxerpeko alkateordeak. Esan dutenez, San Pedron bezala, Trintxerpen ere, gauez egingo dute bilketa, «barrutiko trafikoan arazoak ez sortzeko».
Beste barrutietan bezala, Trintxerpen ere birziklatze tasa %85era iristea lortu nahi dute, eta helburua lortzeko konfiantza osoa agertu dute.
Lau lokal, bi larrialdi gune
Trintxerpen lau lokal jarriko dituztela zehaztu dute. Horietatik bi Donibanekoak bezalakoak izango dira, hots, zintzilikarioak egongo dira lokalen barruan eta bizilagunek giltzarekin sartuko dira bertara hondakinak uztera. Beste bi lokalak, baina, Antxokoak bezalakoak izango dira, hau da, udal langile bana egongo da haietan, bizilagunen hondakinak jasotzeko. Bi lokal hauek, larrialdi gune gisa ere erabiliko dituzte. Zehaztu dutenez, Trintxerpeko biztanleriaren erdiak, 2317 familia inguru, bi lokal horietan utziko ditu hondakinak.
Villa Anita azpialdeko udal lokalean–Arrandegi eta Bordalaborda kalean batzen diren tokian, bihurgunean- eta Gernika plazako garai bateko komun publikoetan prestatuko duten lokalean jarriko dituzte zintzilikarioak. Udal langileak, berriz, Ulia etorbidearen 3. zenbakian eta Serafin Esnaola plazan atonduko dituzten lokaletan egongo dira.
San Pedroko eta Trintxerpeko merkatari eta ostalariekin bilera, uztailaren 1ean bilduko dira. Bi bilera egingo dituzte, biak alkateordetzan, 13:30ean lehena eta 20:00etan.