Perfumerik gabeko arrosak

Zaila izaten da objektu bat hitz gutxitan definitzea, are konplikatuagoa definitu behar duguna ukiezina denean, sentimendu bat, adibidez; esaldi bakar bat erabiliz laburbildu nahi duguna garai bat denean, aldiz, ariketa ia ezinezkoa bilakatzen da. Arriskatuko naiz, baina, azken egunetan jasan behar izan ditugun albisteek bultzatuta, eta gure inguruko gizartea definituko duen proposamen bat botako dut, esentziarik gabea. Hala gertatzen da, esaterako, arrosekin. Duela gutxi Hondarribiko baserritar batek bere baratzeko arrosa batzuk oparitu zizkidan. Hura usaina! Zaila izango da inongo loradendan, horrelako perfumea duen lorerik aurkitzea. Denboran mantentzen den usaina esan nahi dut, arrosarena propioa dena, ez gainetik botatzen dioten koloniarena. Seguruenik arrosa haien itxura ez zen San Valentin egunean oparitzen direnen perfektutasunera iristen, hain berdinak guztiak, hain gorriak, baina inperfekzioaren edertasuna usainak biribiltzen zuen. Esan gabe doa berdina gertatzen dela baratzeko edozein produkturekin. Esan gabe doa, diot, ohartzen garelako, badakigulako, produktu baten eta bestearen artean ez dagoela konparaketarik egiterik. Caniche bat eta San Bernardo bat espezie berekoak direnaren harridura berarekin onartzen dugu, baratzeko tomate bat eta negutegikoa produktu berbera direla, biak entsaladak egiteko erabil daitezkeela. Ezberdintasuna nabaria da guretzat, benetako tomateak dastatu ditugulako, baina zer gertatuko da supermerkatuko produktuez soilik elikatzen diren belaunaldi berriekin? Baratzeko produktuak, eguzkipean jaioak, maitasunez landatuak, desagertzeko arriskuan dauden espezie kontsideratu beharko lituzkete, eta babestu. Arrosak arima handiko loreak izan dira, besteengandik bereizten zirenak usain propioa zutelako. Aspaldi. Borrokaren adierazle izan dira, hainbat printzipioren sinbolo. Behinola. Hamahiru arrosa gorriak, esaterako. Hamarkada asko igaro dira ordutik. Garai hartan arrosak basatiak ziren eta arantzekin defendatzen zuten euren izaera; zigor modura mozten bazituzten ere ez zuten haien arima galtzen, perfumedun arrosak izaten jarraitzen zutelako bizia galdu ondorenean ere. Baina orduan lorazain berri bat iritsi zen baratzera. Ez zitzaizkionez arrosa basatiak gustatzen, moztu egin zituen. Antzekoa egin zuen atsegin ez zituen beste hainbat lorerekin ere. Haien lekuan arantzarik gabekoak jarri zituen, bere gustukoak. Urte asko pasatu zituen lorazainak ingurua bere modura antolatzen. Baina egun batean lorazaina hil egin zen, eta bere ordez baratzea zainduko zuen beste norbait jarri zuten. Azken honek garai berri bati hasiera eman omen zion, eta horren erakusle, arrosei beren lekua itzuli zien. Baina horretarako tratu bat egin behar izan zuten. Haien espazioa izango zuten, bai, baina ordainetan perfumea eta arantzak galduko zituzten. Onartu egin zuten. Denborak aurrera egin zuen eta egun batean lorazaina ohartu zen zahartzen hasia zela, dagoeneko ez zela gai baratzeko lanak lehen bezala egiteko. Lan gogorra baita. Haren semeari utzi zion lekua, honek baratzeko sekretu guztiak ezagutzen baitzituen, baita arrosekin egindako paktua ere. Belaunaldi berriei tomateekin gertatuko zaien berdina gertatu zaie arrosei. Ez dute gogoratzen zein zen haien esentzia, eta arimarik gabe bizitzera ohitu dira. Ez dute perfumea eta arantzak berreskuratzeko borrokarik egingo, zelaian jarraitzea baita haien helburu bakarra, horretarako inguruko loreetatik bereizten dituzten ezaugarriak galdu behar badituzte ere. Sekula baratzeko tomatea jan ez duenak zergatik ez du disfrutatuko negutegiko entsalada eder batekin?
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.