Munduko Arrozen III Topaketa egiten ari dira Zumardian SOS Arrazakeriak hirugarrenez antolatuta. Aurreko bi urteetan Iztietako Diputazio plazan egin badute ere, leku aldaketa egin dute aurten eta Zumardian kokatu.
Arrozgileak 11:00etan hasi dira otordua prestatzen. Sukaldeko lana eramangarriago egiteko zuzeneko musika emanaldia entzuten ari dira, jam session-a hain zuzen ere, O’Club taldearekin. SOS Arrazakeria elkarteko Gerar Carrerek zehaztu duenez, talde horietako kideak “oinarrizko musikariak” izango dira, eta “nahi duena igo daiteke jotzera. Dinamikoa izango da”. Bi ordu emango dute oholtza gainean. 13:00etatik 13:30 ingurura, berriz, bukatu beharko dituzte arrozak, Cornelio Etxeko Cornelio Iribarrenek, Mikel Arrieta sukaldariak eta Irune Balentziaga Euskara eta Kultura zinegotziak euren epaia emango dute. 14:00ak inguruan, nahi duenak plater bat erosi —borondatea ordaindu beharko du— eta arrozak dastatzeko aukera izango du.
Bolivia, Kolonbia, Kuba, Ghana, Pakistan, Sahara, Senegal, Maroko, Kosova eta Nepalgo herritarrak ari dira arrozak egiten, baita Errenteria-Oreretako Mikelazulo, Batasuna eta kultura andaluziarra sustatzen duen Aljarafe elkartea ere. Gamon 14 tabernakoek ez dute hutsik egin.
Arrozak egiten ari diren gunera hurbiltzen ari dira herritarrak gutxinaka gutxinaka, prozesua ikusi, lehenik, eta dastatzeko ondoren.
Karparen kanpoaldean argazki erakusketa antolatu dute, bestalde.