Jaizkibel konpainia: "Konponbidea nahi ez dutenek gutxiengo txikia osatzen dute"
Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko Alardearen gainean egin duen inkestaren balorazioa egin du Jaizkibel konpainiak. Eman diren zifra eta emaitza guztietatik nabarmendu dute alardearen gaian konponbidearen alde daudenen multzoa %72koa dela, “inkestak argi utzi du konponbidea nahi ez dutenek gutxiengo txikia osatzen dutela, Jaizkibel konpainiaren kontra plastiko beltzak eta irainak erabiltzen dituztenak”. Irakurketarekin jarraituz, inkestan parte hartu dutenen %42 Alarde Tradizionalaren aldekoak zirela adierazi dute konpainiakoek.
Hortaz, “azken urteotan hainbeste tristura eta lotsa eragin diguten ekintzen erantzuleak” gutxiengo bat direla baieztatu du Jaizkibelek inkestaren datuetan oinarrituta, “beraz, Jaizkibelek desfilatzen duenean, entseguetan nahiz irailaren 8an, espaloian dagoen jendearen gehiengo zabalak konponbidea nahi du”.
Konpainiak adierazi du gizartearen helburu nagusia emakumeak festetan gizonen baldintza berberetan parte hartzea dela, “Jaizkibel konpainiak helburu apalagoa du, hain zuzen, alardearen parte izan nahi du, ez bazterreko ahalegin bat”.
Azkenik, konponbidearen arduradunen gaineko gogoeta egion du Jaizkibelek, esanaz hori “guztiona” dela, “udalarena barne”. Eta horregatik dei egin die konpainiak “gizarteari, erakundeei eta alderdi politikoei”, alardearen inguruan dauden bi jarreren “sintesi eraikitzaile baten bila” jardun dezaten, “demokraziaren eta elkarrizketaren tresnak erabiliz”.