Igandeko Intxixu Trail, arrakastarekin jaioa
Igandean egingo dute Oiartzungo Ergoien auzotik abiatuta Intxixu Trail mendiko lasterketa, lehenengoz. Jaioberria izan arren, jada arrakastarekin egin ditu lehen urratsak. Izan ere, partaideentzat jarritako 220 dortsalak agortu egin dira —lehenengo 200 atera zituzten antolatzaileek, eta aste honetan jarritako beste 20ak berehala bukatu ziren—, eta babesle nahiz laguntzaile aldetik oso harrera ona izan du probak. Hortaz, igandean ez da izena emateko aukerarik izango. 10:30ean abiatuko dira korrikalariak.
Oarso Bidasoko mendiko proben artean, sasoi honetan behintzat, azkena izango da Oiartzungoa. 15,5 kilometroko bidea izango du Olaizola jatetxe ondotik abiatuta, eta desnibel metatua 1.520 metrokoa da. Punturik altuena Oianlekun izango du probak 622 metroan.
Gorka Hertze antolatzaileetako bat da. Oso pozik dago egin aurretik lehiak lortu duen babesarekin, “asko dago egiteko horrelako lasterketa bat antolatzean, eta eskertzekoa da jaso dugun laguntza guztia”.
Sariak
Gizonen eta emakumeen kategorietan banatu dute proba, hortaz, batan zein bestean lehen hiruek jasoko dituzte sariak. Eta bi kategorietan ere lehen hiru oiartzuarrek izango dituzte sariak. Gainera, lortutako babesleei esker, proba bukatzean hainbat zozketa egingo dituztela iragarri dute antolatzaileek.