Auziaren erradiografia
Jaurlaritzak maiatzean alardeari buruz egindako inkestak azaltzen du herritarrek proposamen berriak nahi dituztela gatazka konpontzeko. %43ak parekidetasuna nahi du, eta %42ak alarde tradizionala soilik.
Asier Perez-Karkamo / Hondarribia
Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko alardeari buruzko galdeketa egin zuen maiatzaren 8an, herritarrek gai horren inguruan duten jarrera jasotzeko. Orotara, telefono bidezko 400 elkarrizketa egin zituzten eta elkarrizketatu bakoitzak 11 galdera erantzun zituen. Ikerketaren diseinua Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak eta Prospekzio Soziologikoen Kabineteak elkarlanean egindakoa da, eta Gizaker enpresak burutu zuen.
Jaurlaritzak berak azaldutakoaren arabera, maiatzean Hondarribian egindako galdeketak helburu argi bat du, urtero alardearen ospakizuna dela-eta izaten den egoera hobetzeko aukera aztertzea. Eta gaineratzen du bi arrazoi egon direla azterlana egitea erabakitzeko: bat, «bizikidetzaren ikuspegitik dagoen kezka», eta bi, «2013an zuhurtziaz bultzatutako elkarrizketarako ekimen bat, Eusko Jaurlaritza tokiko errealitate horretan sakontzera gonbidatu zuena».
Gizakerrek egin zuen inkesta, baina baloraziorik ez du egiten, datuak jasotzen ditu. Egia da, ondoren Jaurlaritzak bere balorazioa egin duela, eta zenbait komunikabidek ere erantzunak laburbiltzen saiatu direla, baina galdeketa lanerako tresna da edozeren emaitza baino gehiago, eta hori horrela, ez da erraza bertan azaltzen dena lerro gutxitan adieraztea, sinplekerietan erori gabe. 11 galdera eta 11 erantzun biltzen ditu azterlanak, baina bakoitzak aldaera asko ditu, adinaren arabera, sexuaren arabera, desfilean parte hartzearen arabera… Horregatik, eta esan bezala, tresna izateko lana delako, inkesta bere osotasunean aztertzea da ondorioak ateratzeko modu onena.
Sentimendu negatiboak
Alardearen gaineko inkesta egiteko arrazoietako bat irailaren 8ko desfilearen gaineko desadostasunak herritarren artean duen eragina bada, inkestaren lehen ataleko [Egungo egoera] galderei emandako erantzunek balio dute ondorioztatzeko eragin hori badela, nahiz eta azken urteetan giroa asko baretu den. Hondarribiarren %96ak uste du herriko bizi kalitatea oso ona edo ona dela, eta %85arentzat elkarbizitza ona edo oso ona dela. Ehun herritarretik batek baino ez du uste bizi kalitate txarra dagoela Hondarribian, eta beste galderari erantzunez, %1ak pentsatzen du bizikidetza txarra dela, eta inork ez du uste oso txarra denik.
Aldiz, alardeari buruzko enfrentamenduak hondarribitarren arteko elkarbizitzari asko edo dezente eragiten diotela uste du %34ak, eta beste horrenbestek iritzi du gutxi baina eragiten duela. Hau da, elkarbizitza ona dela uste dute, baina aldi berean alardeak eragiten duela bizikidetza horretan. Erantzun kontrajarriak dirudite, eta alardearen gatazkak norbere barnean asko eragiten duela erakusten dute, alardea aipatu aurretik bizikidetza ona dela erantzuten dutelako, baina behin alardea aipatuta herritarren arteko bizikidetzan eragiten duela onartzen dutelako.
Nolanahi ere, erdiak baino gehiagok (%55) uste du tentsioa gutxitu dela, hamarretik hiruk mantendu dela, eta soilik %6aren arabera handitu da enfrentamendua. Tentsioan, enfrentamenduan eta bizikidetzan egoerak hobera egin duela uste du Jaurlaritzaren inkestari erantzun dioten 400 herritarren gehiengo oso handi batek. Herrian giroa hobetu dela diote, baina, irailaren 8ko gatazkak bakoitzarengan eragiten dituen sentimenduak oso bestelakoak dira.
Alardearen egoerak sortarazten dituen sentimendu nagusienak negatiboak dira, oso nabarmen gainera. Galdeketak bi sentimendu azaltzeko aukera ematen zion pertsona bakoitzari, eta erantzunen batuketa latza da: %32ri tristezia eragiten dio alardearen egungo egoerak, %22ari lotsa, %20ari axolagabekeria, beste hainbesteri aspertzea, %16ari haserrea eta kopuru hori bera, %16koa da alardearen egoerak poztasuna edo poztasuna ere eragiten dion herritarren kopurua.
Parte hartzeari dagokionez, alarde tradizionalean parte hartzen dutenen %25ari alardeak poztasuna eragiten dio sentimendu nagusi bezala, desfilatzen ez dutenen %11ri, eta Jaizkibel konpainiako inori ere ez. Konpainia mistoko kideei desfilearen ingurukoak lotsa (%69), tristezia (%46) eta haserrea (%46) eragiten die batez ere, tradizionalekoei tristezia (%39), poztasuna (%25) eta asperdura (%23); eta desfilatzen ez dutenentzat tristezia (%33), lotsa (%23) eta axolagabekeria (%23) dira gailentzen diren sentimenduak.
Bi aldeak, parean
Gizakerrek Jaurlaritzaren eskaeraz maiatzaren 8an burututako inkestarako 400 telefono dei egin ziren, eta herritarren lagin adierazgarria bilatu zuten. Inkestaren bigarren atalean [Alardearen inguruko oinarrizko jarrera] argitzen denez, laurehun dei horietatik 240 alardean inoiz ere parte hartu ez duten pertsonek erantzun zuten, 144 alarde tradizionalean soilik parte izandako herritarrak, hamabi Jaizkibel konpainian bakarrik desfilatu dutenak, lau lehenago tradizionalean eta gero Jaizkibelen hasitakoak, eta beste lauk ez zuten erantzuna zehaztu.
Baldin bada galdera bat erantzunen arteko parekotasuna azaltzen duena, hori da nahiago den aukera zehazteko eskatzen duena, erantzun dutenek Hondarribirako nahiago luketena. %43k emakumeen parte hartzea dakarten ereduak nahiago dituzte, eta %42k alarde tradizional bakarra; %3ak inolako alarderik ez du nahi —gazteetan %7a, gainontzekoetan ez da apenas azaltzen—, eta %13ak ez daki zer erantzun edo ez du erantzun nahi izan.
Bi muturrak parez pare jarrita, Jaizkibel konpainian desfilatzen duten inork ez du nahi alarde tradizionala aukera bakarra izatea. Aldiz, alarde tradizionaleko kideen %32ak emakumearen parte hartzea bermatzea nahi du, eta %21ak onartzen du, gatazkarik gabe, parte hartuko lukeela desfile parekidean. Desfilatzen ez dutenen artean %12ak emango luke urrats hori, tentsiorik ez balego.
Etorkizunean alarde tradizionala besterik nahi ez dutenen artean, gehiago dira Hondarribian jaiotzatik bizi direnak (%55), eta bertan jaio ez direnen artean jaisten da alarde tradizionalaren aldeko jarrera (%30-34). Adinei dagokionez, 55 urtetik gorakoak dira alarde tradizionalaren aldekotasun handiena dutenak (%55) eta ondoren 18-29 adin tartekoak daude (%45 tradizionalaren alde eta %44 emakumeen parte hartzea dakarten aukera desberdinen alde). 30 eta 64 urte artekoek, aldiz, aukera parekideekin lerrokatzen dira (%35 tradizionalaren alde eta %46 emakumearen parte hartzearen alde).
Hortaz, adin multzoen artean bereizketak daude, baina herritargo osoa hartuta, alarde tradizionala nahiago dutenen eta parekidetasuna aintzat hartzen duten aukeren aldekoen indarrak oso parekatuta daude, ia-ia berdinduta. Hori bai, parekidetasuna nola gauzatu, horretan ez dago guztien adostasunik, emakumearen parte hartzea nahi dutenek aukera desberdinak dituztelako. Irungo eredua, bi alarde, oso gutxik nahi dute (%15), gaur egungo egoerak irautea %26,7k nahiago du, eta alarde parekide bakarra nahiagoko luketenak gehiengo dira, %53,3.
Udala, hoberen
Hogeita bat urte beteko dira aurten lehen aldiz emakume talde batek Hondarribiko Alardean desfilatzeko eskaera egin zuenetik, eta hemezortzi ja Jaizkibel konpainia parekidea sortu zenetik. Jaurlaritzaren inkestak gogorarazten duenez, iaz, «elkarrizketarako ekimen bat» burutu zen, azkenean fruiturik eman ez zuena. Oro har, erakundeek esku hartze gutxi izan dute alardearen auzian, eta izan dutenean, 2013ko saiakera kasu, emaitzarik gabeak izan dira saiakera horiek.
Erakundeen papera alardearen arazoan inkestaren hirugarren atalak jasotzen du [Alardearekin lotutako ekimenak]. Alardean parte hartzen dutenentzat udala da gatazkan ondo jardun duen erakunde bakarra. Jaizkibel konpainiako kideentzat, berriz, Arartekoa eta Emakundek jokatu dute ongi. Eta desfilatzen ez dutenen iritziz, inork ez du nota ona merezi, nahiz eta udalak eta Arartekoak aprobatzen duten. Banaka galdetuz gero, erakundez erakunde, udalak baino ez du balantze positiboa, 13koa, (%45ak ondo edo oso ondo erantzun du, eta %32k gaizki edo oso gaizki). Gainontzeko erakundeek negatiboa dute: -7koa Arartekoak, -11koa Emakundek, -19koa inkesta egin duen Jaurlaritzak, eta nota txarrena Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat da, -22koa.
Bistan da erakundeen ikuspegia oso bestelakoa dela alde batetik zein bestetik begiratuta, baina Jaurlaritzak egindako inkestak ondorio argi bat uzten du, ia denek uste dutela gatazka gainditzeko modu bakarra irtenbide berriak bilatzea dela. %72a horren alde azaltzen da, eta bakarrik %14a kontra. Kopuru hori handiagoa da, gainera, gazteen artean (%78), nahiz 30-45 urte bitartekoentzat (%77). Alardeko protagonisten artean, Jaizkibel konpainiako kideen artean nagusitzen da nabarmenen irtenbide berrien eskaera (%85), baina era berean handia da desio hori alarde tradizionalean (%66) eta desfilatzen ez dutenen artean (%76).
Galdeketak hainbat soluzio posible ematen zituen aukeran, eta horien artean bat nagusitzen da argiki, alde guztiek amore ematea akordio batera iritsi arte. Hamar elkarrizketatuetatik seik uste dute horrek gatazka gainditzeko asko edo dezente balioko lukeela, eta talde guztietan ematen da balantze positiboa (adin tarte, ikasketa maila, herrian jaiotzetik bizi edo etorritakoa izan, seme alabak eduki ala ez…), baita alarde tradizionalean parte hartzen dutenen edo alarde hori gustukoen dutenen artean ere.
Konponbiderako urratsak nork eman behar dituen galdetuta, herritarrek (%53en ustez), erakundeek (%52) eta eskola edo elkarteek (%51) eman behar dituztela erantzuten dute, horiek jarrera aktiboagoa izanez gero auzia bideratzeko lagungarri litzatekeela uste dute. Gazteek, erakundeengan dute konfiantza (%60) eta atzetik eskola eta elkarteei (%58) eta herritarrei (%54) eskatzen diete inplikatzea.
Bidea, amore ematea
Jaietako ekitaldi nagusia ez ezik, sentimendua da irailaren 8ko desfilea hondarribiarrentzat. Gutxik imajinatzen dituzte jaiak alarderik gabe, baina azken urteotako gatazkaren ondorioz tristura eta lotsa sentitzen dute desfilearekin. Batzuk alde batean jartzen dira, beste batzuk bestean, eta badira ere alde biekin, edo ez batzuekin ezta besteekin ere lerrokatu nahi ez dutenak.
Urteen poderioz elkarbizitza gaiztotzen zuten arantzak kamusten joan dira, baina gatazkak badirau. Jaurlaritzak maiatzean egindako inkestak azaltzen du hondarribiarren gehiengo zabala proposamen berrien zain dagoela, hezkuntza zentroetatik, erakunde eta herritarren parte hartzetik eta, batez ere, erakundeetatik berrikuntza horiek noiz iritsi esperoan dagoela.
Bakoitzak bereari eusten dio, baina aldi berean onartzen du alde guztiek amore eman beharko dutela; konponbiderako nahia gailentzen da, eta horren guztiaren atzean gogo bat ageri da nabarmen, jaietako egun nagusia, urteko handiena, garai batean bezala poztasunez bizitzeko gogoa.