Ostiralean 500 moto zale hurbilduko dira Hondarribira Miarritzetik
Hilaren 12tik 15era surf eta moto zaletasunak uztartzen dituen Wheels & Waves jaialdia egingo dute Miarritzen (Lapurdi). Ostiralean Hondarribira hurbilduko dira, Jaizkibel mendian martxa egin eta herrian itzuli bat emateko.
Hilaren 12tik 15era surf eta moto klasikoen zaletasunak uztartzen dituen Wheels & Waves jaialdia egingo dute Miarritzen (Lapurdi), 500 motoristen parte hartzearekin. Ostiralean Hondarribira hurbilduko dira, Jaizkibel mendian martxa egin eta herrian itzuli bat emateko. 12:00etan Miarritzetik (Lapurdi) abiatuko dira eta Jaizkibelen lasterketa-martxa egingo dute. Mendian geratuko dira bazkaltzen, lehengo turismo paradorean. Bazkalostean herrira jaitsiko dira eta ibilbidea egingo dute herritik, ondoren kirol kaian geldialdia egiteko. Sari banaketa egingo dute bertan eta jaialdiko babesleetako bat den Yamaha etxeak bi moto modelo berri aurkeztuko ditu, 18:30ak aldera.