Munduko hamabi herrialdeetako arrozak probatzeko aukera izango da larunbat honetan, hilaren 14an, Errenteria-Oreretan. Izan ere, SOS Arrazakeriak hirugarren urtez jarraian antolatu du Munduko Arrozak jaialdia. Aurten kokalekua izango da berritasunetako bat: Iztietako Diputazio plazatik Gamon Zumardira mugituko dira. Karpa bat jarriko dute bertan, euriarekin arazorik ez izateko.

Munduko Arrozen III. Topaketa egingo dute Errenteria-Oreretan
Arrozgileak 11:00etan hasiko dira otordua prestatzen. Sukaldean ari diren bitartean, ez dute aspertzeko aukerarik izango. Eguerdian
jam session-a egingo dute, O’Club taldearekin. SOS Arrazakeria elkarteko Gerar Carrerek zehaztu duenez, talde horietako kideak “oinarrizko musikariak” izango dira, eta “nahi duena igo daiteke jotzera. Dinamikoa izango da”. Bi ordu emango dute oholtza gainean. 13:00etatik 13:30 ingurura, berriz, bukatu beharko dituzte arrozak, Cornelio Etxeko Cornelio Iribarrenek, Mikel Arrieta sukaldariak eta Irune Balentziaga Euskara eta Kultura zinegotziak euren epaia emango dute. 14:00ak inguruan, nahi duenak plater bat erosi —borondatea ordaindu beharko du— eta arrozak dastatzeko aukera izango du.
Bolivia, Kolonbia, Kuba, Ghana, Pakistan, Sahara, Senegal, Maroko, Kosova eta Nepalgo herritarrek egingo dituzte arrozak, baita Errenteria-Oreretako Mikelazulo, Batasuna eta kultura andaluziarra sustatzen duen Aljarafe elkarteak ere. Gamon 14 tabernakoek ez dute hutsik egingo. Etorkinen eta bertakoen arteko harremana indartu nahi dute ekimen honekin.
Aldarrikapenak
Jaiaz gain, aldarrikapenerako tartea egongo da. Izan ere, Mikel Carcedo elkarteko kideak Europako Batasuneko agintariei zuzendutako hainbat eskakizun jakinarazi ditu. Alde batetik, EB osoa inplika dadila galdegin dute, “eta ez bakarrik Europa hegoaldeko mugakoak”. Bestetik, Ceuta eta Melillako “kontzertinak” kentzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, baita istiluen kontrako materialik ez erabiltzeko. Horrez gain, itzulketa ilegalekin bukatzeko exijitu dute.
Europako arrazakeriaren kontrako hainbat talde elkarte biltzen dituen Migreurop taldearen beste lau eskakizun, —”legearen barnean daudenak”, esan du Carcedok—, betetzeko eskatu dute. Honakoak dira eskakizunak:
- Marokon dauden emigranteen erregularizazioa eta irizpideen zabaltzea.
- Europar Batasunak irizpideak zabaldu ditzala, eta familiak elkartzea bermatu dezala.
- Errefuxiatu zein babesa eskatzen dituztenak egoki babestea. Europar Batasunak egin beharko luke.
- Afrikako herrialdeetako herritarrek bisatuak jasotzeko baldintzak malguagoak izatea.
Horrez gain, Donostiako bi dantzalekuetan etorkinak sartzen ez uztea gaitzetsi dute.