
Basabek eta Mansok prestatuko duten bakailao lingotea.
Irungo Antxon jatetxeko Angela Basabe eta Felix Manso sukaldariak Marrakexen (Maroko) egingo duten Trophée MarrakChef lehiaketan parte hartuko dute ekainaren 12tik 14ra bitartean. Belgikako, Ingalaterrako eta Frantziako sukaldariekin batera lehiatuko dira Antxoneko arduradunak asteburuan.
Trophée MarrakChef Marokoko sukaldaritza eta nazioartekoa bateratzen dituen lehiaketa da. Eskolak, esperientzia gastronomikoak eta lehiaketa hartzen ditu bere baitan Marrakexeko sariketak. Produktua, teknika eta filosofia batzen dituen platera eta postrea aurkeztu beharko dituzte lehiaketan parte hartzen duten sukaldariek.
Horiek horrela, Basabe eta Mansok “Bakailao lingotea porrusalda errearen gainean, ganba kurruskaria eta katsuobushi lore basatiekin” izeneko platera aurkeztuko dute, “Pastela. Almendra kremarekin, zitriko veloute eta txokolate malkoarekin” izenpeko postreaz lagunduta.
Marrakexeko Dar Moha jatetxeko Fedal Moha eta Monte-Carloko (Monako) Faimmont jatetxeko Philippe Joannes sukaldariek presidituko du epaimahaia, gastronomian berezitutako hainbat kazetarirekin batera.
Marokoko lehiaketa bukatuta, Caceresen (Espainia) geldialdia egingo dute sukaldari irundarrek Espainiako Sukaldaritza Profesionaleko Selekzioarekin batera afari batean parte hartzeko.