Gertu daude sanpedroak, eta horren iragarle Astarloza Taldeak urtero antolatzen duen herri triatloia. Hilaren 22an izango da, 12:00etatik aurrera, eta ohi bezala, taldeka edota banaka parte hartzeko aukera izango da. Taldeak, gehienez, hiru lagunetakoak izan behar dute, eta probarako behar den materiala, norberak berea eraman beharko du.
Aurrenak irteten taldeak izango dira. Lasterketaren lehen zatia igeriketan osatu beharko dute parte-hartzaileek, Kalparratik Dorreko arrapala artean hiru itzuli osatuz; bigarren zatia korrika osatuko dute, eta azkena bizikletaz. Korrika nahiz bizikletaz osatu beharreko ibilbidea berbera: Arraunlari kalean hasi, Proisatik igaro eta ondoren Morales Oliver eta Viuda Pasaman kaleetatik igarota Dorreraino itzuli. Bizikletaz hiru itzuli eta korrika bat.
Probaren bukaeran sariak banatuko dituzte.