Errenteriako Udalak sexu erasoa salatu du, eta mobilizaziora joateko deia luzatu du
Errenteriako Udalak, Berdintasunerako Kontseiluaren babesarekin, larunbata goizaldean Lezoko jaietatik bueltan Errenteria-Oreretara zetorren neska bati egindako sexu erasoa salatu du adierazpen instituzional baten bitartez. “Zoritxarrez, jaietan ere ematen dira emakumeen kontrako erasoak, eta, hartara, emakumeei independentzia eta segurtasuna ukatzen zaie”, adierazi du udalak. Eraso horiek gizonen eta emakumeen arteko berdintasun ezak indarrean jarraitzen duela argi uzten du udalaren arabera “Gizonek emakumeen gaineko botere harremana dute”, gaineratu dute.
Udalak horrelako gertakariak “guztiz gaitzesten” dituela berretsi dute, eta herritarrak parte aktibo izatera deitu ditu, erasoak ez onartuz eta salatuz. Ildo horretan, etzi, 19:30etik aurrera, Renfeko tren geltokian egingo den elkarretaratzearekin bat egin dute, eta herritarrak joatera gonbidatu ditu. Oarsoaldeko beste hiru udalek bat egin dute adierazpenarekin zein deialdiarekin.
112 telefonoa
Errenteriako Udalak gogorarazi du larrialdiko edozein egoeratan 112 telefono zenbakira deitu behar dela, “egoeraren aurrean babesa, orientazioa eta medikuen edo polizien laguntza jasotzeko”.