Larunbatean eta igandean egingo dute Hondarribiko Erdi Aroko Azoka, goiz eta arratsaldez. Aurten, lehen aldiz, Kasino Zaharreko lorategietara iritsiko da garai bateko merkatua.
Egun gutxi barru, mende batzuk atzera egingo du Hondarribiak, Erdi Aroko Azokaren ekitaldi berri batekin. Larunbatean eta igandean izango da hori, hilaren 14 eta 15ean, goizez eta arratsaldez. Urtero bezala, askotariko jarduera, ikuskizun eta ekitaldi jasoko ditu zitarako propio jantziko duten Alde Zaharrak eta aurten gune berria izango du, Kasino Zaharreko; izan ere, bertan poniak, xakea, arku tiraketa eta falkoneria izango dira azokako bi egunetan.
Hondarribiko Udaleko Turismo zinegotzi Lupe Olaskoagak nabarmendu du erdi aroko azoken artean Hondarribikoa erreferente bilakatu dela eta garai bateko jarduerak eta kulturak ezagutzeko modu egokia dela: “Arotzak, errementariak, upelgileak, urreginak, harginak, haima arabiarrak, kontu kontariak, ardiak eta abar, gure erdi aroko hirigunera itzuliko dira, garai hartako artisauen jakintzaz eta langintza egokiaz goza dezagun. Hondarribian bilduko dira azokako bizitza islatu eta girotzeko eta antzina bezala, kristau-kultura, judutarra eta arabiar elkarrekin egongo dira”.
Erdi Aroko azokari lotuta, herri bazkari solidarioa antolatu du Klink elkarteak bigarren urtez jarraian. Ateratzen duten dirua, Caritasen esku utziko dute, eskualdeko langabeen artean bana dezan.
Erdi Aroko Azoka 2014. Egitaraua