Emakumeentzako autodefentsa tailerra egingo dute Errenteria-Oreretan, hilaren 23tik 26ra
Errenteriako Udal Kirol Patronatuak eta Udaleko Berdintasunerako Kontseiluak antolatuta, hamasei urtetik gorako emakumeentzako autodefentsa ikastaroa antolatu dute hilaren 23tik 26ra. Galtzarabordako kiroldegian egingo dute tailerra.
Ikastaroaren helburua emakumeak bere buruarekin seguruago sentiaraztea da, eta horretarako maila fisiko zein psikologikoak landuko dituzte. Lide Marcok psikologo eta wing tsun arte martzialean trebatutakoak hainbat teknika erakutsiko dizkie bertaratutakoei: gorputzaren gaineko kontrola hartzea eta duten indarrarekin konektatzea izango dute xede. Gorputz osoa lantzen du wing tsunak, eta aurkariaren indarra bera erabiltzen du haren kontra egiteko.
Ikastaroa dohainik izango da, baina parte hartu nahi dutenek bizkor ibili beharko dute. Izan ere, plaza kopurua hamalau lagunera mugatuta izango da, eta hurrenkeraren arabera hautatuko dituzte parte hartzaileak. Errenteria-Oreretan erroldatuta egon behar da, nahi eta nahi ez. Izena eman edo informazio gehiago jaso nahi dutenek, Galtzarabordako kiroldegiko harreratik pasatu beharko dute etzitik (hilaren 12tik) aurrera.
Ordutegia
Klaseen ordutegia honakoa izango da: 23an (astelehena) eta 25ean (asteazkena) 19:30etik 21:00etara, eta gainontzeko bi egunetan, 24an eta 26an, 18:15etik 19:45era.