El Barracon antzerki taldeak UCMren antzerki sarietako sari garrantzitsu guztiak irabazi ditu Escuadra hacia la muerte obraren muntaiarekin.
El Barracon taldea, ‘Escuadra hacia la muerte’ obrako antzezpen batean
Cesar Gilek zuzentzen duen El Barracon antzerki taldeak muntaia onenaren saria eta beste bost sari jaso ditu aurten Madrilgo Universidad Complutensek (UCM) antolatzen duen antzerki sarietan, Hondarribian bizi den Alfonso Sastrek idatzitako
Escuadra hacia la muerte obrarekin. Hemezortzi urte bete ditu aurten sariketak eta lehen aldia da obra batek hainbeste sari irabazten dituela. Joan den ostiralean banatu zituzten sariak.
Hamabost antzerki taldek parte hartu dute UCMko antzerki sarien aurtengo ekitaldian sarian eta El Barraconentzat izan dira sari garrantzitsu guztiak. Epaimahaiaren ustez, muntaia onenaren sariaz gain, zuzendaritza (Cesar Gil), gizonezko interpretazio (Francisco Javier Perez), dramaturgia (Raul Hernandez), argiztapen (Andres Santos) eta eszenografia onenak merezi izan ditu Sastreren obraren moldaketak.
Oroigarriez gain, Escuadra hacia la muerte Bellas Artes Antzokian interpretatzeko aukera izango du Gilen konpainiak, heldu den astelehenean. Sastre oso pozik eta eskertua azaldu da El Barracon taldearen lorpenagatik, eta Madrilera joateko aukera izango ez duen arren, eskerroneko testu bat idatzi du eta antzezpenaren aurretik irakurriko dute.