Behin behineko 33 langile kontratatuko ditu udalak aurten
Irungo Udalak 33 lagun kontratatuko dituela 2014ean jakitera eman du gaur goizean. Kontratuak behin behinekoak izango dira, eta dagoeneko, 25 lagun kontratatzeko prozesua abiatu du.
Horiek horrela, 15 lanpostu formazio eta enplegurako programen barruan kokatuta daude. Bete beharreko postuak dira: weborriak eta kontuak kudeatzeko 5 lagun, eta Irun Laben lan egiteko beste 10. Irun Ekintzan hitzarmenaren barruan kokatuta daude lanpostu horiek. Formazio ikastaro bat egin beharko dute eta uda ondoren hasiko dira lanean, hiru hilabetez.
Beste 10 lanpostuak, administrazio teknikari eta laguntzaileei zuzenduta daude. El Espaziok eta Lanbidek kudeatu dituzte kontratazioak eta udalaren arabera, “laster hasiko dira lanean”. Langabezian denbora luze eman duten lagunei edota lehenbiziko lanaren bila ari direnei zuzenduta daude lanpostu horiek.
Bukatzeko, azken 8 lanpostuak iraila eta azaroa bitartean beteko direla adierazi dute tokiko gobernutik. Horietan izena eman nahi duten lagunek El Espazioren bidez egin beharko dute, baina horrez gain, Lanbideren zerbitzuetan inskribatuta egon beharko dira.