2013an trafiko istripu eta salaketa gutxiago izan direla esan du Errenteriako Udaltzaingoak
Udaltzaingoak 2013 urteko trafikoari buruzko balantzea jakinarazi du, eta irakurketa erlatiboki positiboa egin dute. Horrela, istripu eta salaketa gutxiago izan direla nabarmendu dute. Esku hartzeen kopuruak, baina, gora egin du, eta guztira 16.128 izan ziren.
TAOren salaketari dagokionez, 2010an baino %24,4 gutxiago izan ziren. Aparkatzeen gaineko salaketak herena gutxitu dira, eta zirkulaziokoak, berriz, %41,2. Garabiak, berriz, 2.463 ibilgailu kendu zituen duela lau urte, eta 1.636 iaz.
Istripuen eta harrapatzeen kopurua azken hamarkadako txikiena izan zela gaineratu dute. Hamar lagun harrapatu zituzten, eta 171 istripu izan ziren.
Bestalde, eskoletako sentsibilizazio kanpainekin jarraitzen dutela gogorarazi dute, garraio pribatua gutxiago erabiltzeko xedearekin. Hurrengo erronka hirigunean 30 kilometro orduko abiaduran joan beharraz kontzientziatzea izango dela jakinarazi dute.