Ia 440 pertsonak eman dute izena Arakileko kilometroa osatzeko. 09:00etan abiatuko dira autobusak kiroldegiko aparkalekutik, 'G' hizkia dutenak eguerdian itzuliko dira eta 'A' hizkidunak arratsaldean.
Zazpi autobus abiatuko dira igandean Hondarribitik, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak Durango eta Iruñea artean egingo duen giza katean parte hartzeko. Hondarribiari ibilbideko 105. Kilometroa egokitu zaioa, Arakilen (Nafarroa) eta atzo bitarte 436 lagunek izena emanda zeuden.

Itsas Etxean egin zuten aurkezpeneko une bat
Autobusak Hondartza kiroldegiko aparkalekutik abiatuko dira eta antolatzaileek jendeari eskatu diote goizeko bederatzietarako bertan egoteko: “Inportantea da 09:00etan denok bertan egotea autobusak antolatu ahal izateko. Kontuan hartu hiru autobus eguerdian bueltatuko direla eta besteak arratsaldean”. Izan ere, bi aukera izango dira, giza katea eta gero herrira itzuli edo Iruñean egingo den festara joan eta gero itzuli.
Autobus bakoitza zenbaki batez eta letra batez izendatuko dute; eguerdian itzuliko direnak ‘G’ hizkia eramango dute eta arratsaldean bueltatzeko hartu behar direnak ‘A’ hizkia.
Bestela, kotxez doazenentzat oharra zabaldu dute ere Hondarribiko Gure Esku Dagoko arduradunek, “modu ikusgarrian jarri behar dute kilometroaren zenbakia, 105 kilometroa”.
Norbaitek zalantzaren bat balu, gaur (osteguna) ere jarriko dute informazio mahaia Itsas Etxearen parean, 18:00etatik 20:00etara.