Etorkinei buruzko iruzkinen kontrako Zurrumurru 'ez'! sarea aurkeztu dute
Kanpotik etortzen diren pertsonengandik sortzen diren zurrumurruak isilarazteko helburuz Zurrumurru ez! sarea sortu dute Gipuzkoako zazpi udalek, tartean Errenteriakoak, SOS Arrazakeriarekin batera. Zurrumurruak eteteko xedeaz gain, aniztasuna era positiboan baloratu nahi dute. “Zoritxarrez, nahiz eta egiazkoak ez diren, zurrumurru eta aurreiritzi sorta hori oso errotuta dago gure jendartean, eta elkarbizitza gaiztotzen du”, esan du Silvana Luciani SOS Arrazakeriako kideak. “Antizurrumurruen lurralde izango gara, eta gainerako udalak sarearekin bat egitera gonbidatu nahi ditugu”, gaineratu du. Errenteria-Oreretarekin batera Zarautz, Ordizia, Eibar, Hernani, Astigarraga eta Tolosaldea eskualdea dira aitzindari.
Euren helburuak betetzeko, hainbat ekintza esparru finkatu dituzte. Hala, estrategia komunikatibo eta emozionala garatu nahi dute, eta hedabideen artean ere erreminta gisa erabili nahi dituzte. Antzezlanak eta bertso saioak ere antolatuko dituzte. Eskuorriak, zurrumurruen kontrako panelak eta komik itxurako txartelak ere banatuko dituzte udalerrietan.