Aldundiaren "menpe" aritzea egotzi dio EAJk gobernu taldeari
Udalaren interesei bizkar ematea eta Aldundiaren aginduetara aritu izana leporatu dio EAJk Pasaiako Udal Gobernu Taldeari. Lehengo astearteko plenoan aho batez onartutako akordio baten harira egin ditu aipatu adierazpenak jeltzaleen bozeramaile Nahikari Oterminek, zehazki, foru hitzarmenean egindako aldaketa baten harira. Izan ere, jeltzaleek diotenez, gobernu taldeak udalbatzak lehendik aho batez onartutakoa bazterrean utzi du Aldundiak agindutakoa onartzeko. Kritika bera egin zion PSE-EEk plenoan. “Astearteko udalbatzan Bilduko udal gobernuaren obedientzia eta mendetasunari esker Aldundiaren proposamena onartu zen. Horregatik, jeltzaleen ustetan udal gobernuak ez du behar bezala defendatu alderdi guztien artean adostutakoa eta ez du Aldundiarekin nahikoa negoziatu”, kexatu dira jeltzaleak.
EAJren arabera Bilduk “pasaitarren interesen aurretik” jarri ditu “Aldundiaren eta alderdiaren interesak”. “Udal gobernuak lehentasunak argi izan beharko lituzke, eta kasu honetan, udalbatzako erabakia defendatu beharko luke, baina oraingoan udal gobernuak Aldundiak esandakoa bete du” adierazi du Oterminek.