Larunbatean ezohiko giroa biziko da Hondarribiko Kasino Zaharra Adinekoen Etxe inguruan, egunero ez bezala, haurrak izango direlako protagonista egoitza inguratzen duten lorategietan 12:00etatik 16:00etara egingo den Txikimusikan. Zuzeneko musika izango da protagonista baina tailerrak ere egongo dira eta piknika, bazkaltzeko. Hondarribiko Udalak antolatu du hainbat eragileren laguntzarekin: kontzertuak antolatzen dituen Unodos elkartea, Txikis del Bidasoa aldizkari digitala eta Ezmugak kultur taldea.
Lehen aldia da Txikimusika antolatzen dutela eta ekitaldi berritzailea izateko helburuarekin egin dute, antolatzaileak adierazi bezala: “Musika eta haurrak izango dira protagonista Txikimusika ikuskizunean. Emanaldi berritzaile honek haurrek kontzertu baten esperientzia bizi dezaten du xede”. Izan ere, jaiaren helburua da haurrak hainbat estiloko musikarengana hurbiltzea, “musikarekiko eta sorkuntzarekiko duten sena txiki-txikitatik” garatu dezaten.
Hala, musika taldeek familientzako bereziki prestatuko dituzte haien emanaldiak eta entzuleen parte hartzea eskatuko dute. Gainera, haurrek musika tresnekin trebatzeko aukera izango dute Txikimusikan. “Txikimusika haientzat sortua da, haurrek eta haien familiek gozatzeko”, gaineratu dute antolatzaileek.
Txikimusika. Egitaraua
- Naica: Amets egiteko pop musika. Psilocybekoek Saturnalia diskoa aurkeztuko dute, haurrentzat egokitutako kontzertuan.
- Santiago Delgado y los Runaway Lovers: Swing, twist eta rockabilly musika.
- Don Loope DJ: Dantza eta barre egiteko musika saioa.
- Skola Musik: musika tailerrak eta erakustaldiak: txalaparta, bateria, kantua…
- Lanbroa Music: gitarra tailerrak.