Errenteria-Oreretak ikastola berria izango du datorren uztailaren 1etik aurrera: Bizarain Ikastola. Izan ere, Langaitzek eta Beraun Berrik bat egingo dute. Hiru urteko prozesua izan da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Beraun eta Galtzaraborda auzoek ikastetxe bakarra izango zuela erabaki zuenetik. Ritxar Maritxalar eta Leire Castillak, Langaitzeko eta Beraun Berriko zuzendariak hurrenez hurren, jakinarazi dute orduan hasi zirela bi hezkuntza komunitateak bat egitean buru belarri “Hezkuntza komunitatearen %45ek hartu du parte”, zehaztu du Maritxalarrek, “eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu parte hartu duten ikasle, guraso eta langileei”.
Bizarain Ikastola berria aurkeztu dute Ritxar Maritxalar eta Leire Castillak
Hamarnaka bilera egin dituzte. Banan-banan zenbatu ditu Maritxalarrek: “Hiru bilera izan ditugu Errenteriako Udalarekin; 11 Hezkuntza Sailarekin eta 30etik gora bi ikastetxeen artean sortutako batzordearenak”. Gaur egingo dute azkenekoa, gurasoekin.
Banaketa
Datorren urtetik aurrera 2 eta 8 urte bitarteko haurrek orain arte Beraun Berriren egoitza izan denean ikasiko dute. Gainontzekoak, 8 eta 12 urte bitartekoak, Langaitzen egoitzan egokituko dituzte. Guztira 745 ikasle izango ditu zentro berriak, 36 ikasgelatan banatuak. Irakasleak guztira 60 izango dira. Horien guztien buru Belen Ugalde izango da, bera izango baita zuzendari berria.
Egun martxan dauden proiektuei jarraipena eman nahi diete. Horrela, Agenda 21, haurtzaindegi zerbitzua edo hizkuntza errefortzua mantenduko dituzte. Liburutegia berriro ireki nahi dutela jakinarazi du Maritxalarrek: “Berriro zabaltzea gustatuko litzaiguke. Ditugun medioekin ezin dugu guk mantendu, eta udalarekin harremanetan gaude. Auzo guztiarentzako izatea nahi dugu”. Eskola Kirola programa, Olentzero edota Korrika bezalako egitasmoek ere tokia izango dute “euskararen, hezkuntza publikoaren eta pedagogia autonomiaren alde” egingo duen ikastola berrian.