Bosgarren atxiloketa bat egin du Guardia Zibilak
Goizean, 06:45 eta 07:15 artean, atxilotu dituzte Ramon Gaztelumendi, Ramon Sagarzazu, Xabier Iragorri eta Joakin Izagirre oiartzuarrak. Arratsaldeko zazpiak baino lehen, berriz, Itziar Iñarra atxilotu dute. Batzuk euren etxean atxilotu dituzte, besteak, bi gutxienez, goizean lanera joateko etxetik atera direnean. HITZA-k atxilotu baten senideekin hitz egin du, eta esan dutenez, “atxiloketa lasaia” izan da. Horrez gain, beste sei oiartzuarri zitazioa eman diete poliziek, gaur 16:30ean Intxaurrondoko koartelera deklaratzera joateko. Atxiloketak eta zitazioak zergatik izan diren goiz-goizetik agertzen ziren Espainiako hedabideetan: Aritxulegin “ETAko kideak gurtzeko leku bat sortzea” leporatu die Espainiako Barne Ministerioak. Arkaitz Bellon eta Xabier Lopez Peña omentzea ere egotzi die.
Abokatuen arabera, bihar, asteazkena, deklaratuko dute Madrilen dagoen Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Atxiloketak izan dira lehenik. Ondoren zitazioen banaketa. Horrek nahasmena eragin du Oiartzunen, zitazioa jaso duten batzuk atxilotuak izan direla zabaldu baita herrian. Beranduago atxilotu dute Iñarra. Edonola ere, plazak eta kaleak hartuta izan ditu Guardia Zibilak goizean, eta 09:00ak pasatuta izan arte ez dira joan herritik. Ordurako dagoeneko biltzen hasiak ziren herritarrak Doneztebe plazan.
Herritarren artean atxilotuen senideak zeuden. Denek ala denek ondoan zituztenen babesa jaso dute. 10:00ak baino lehen asanblada egin dute herritarrek, eta mobilizazioen berri eman ere, 12:00etan Errenteria-Oreretan elkarretaratzea, 13:00etan Oiartzunen, eta 20:00etan manifestazioa Oiartzunen. Beranduago iritsi dira bi deialdi berri, eta Errenteriako Udalaren erakunde adierazpena atxiloketen gainekoa (Ramon Gaztelumendi bertako langilea da). Deialdi berrietako bat da 16:00etan mobilizazioa egingo dutela Intxaurrondoko koartelaren parean, bertara joatekoak direlako deklaratzea zitazioa jaso duten sei oiartzuarrak, eta bestea da 19:00etan ezohiko pleno berezia dagoela Oiartzunen, atxiloketen harira.
Hori guztia gertatzen zen bitartean, Aritxulegin Gudarien Basoa desegiten ari ziren guardia zibilak. Horren inguruko hesiak kendu, eta bertan zegoen hildakoen aldeko plaka kendu egin dute. Goiz-goizetik 10:30ak arte egon dira zeregin horretan.
Bien bitartean atxilotuek Guardia Zibilaren esku jarraitzen dute, berri gehiagoren zain. Antza denez, ez daude inkomunikatuta, eta senideek aukera izan dute eurei arropa eramateko.