Ikasturte bukaerako ekitaldiak egingo ditu ostiralean Xenpelar Bertso Eskolak
Ikasturte bukaera dela eta, Xenpelar Bertso Eskolak ekitaldiak antolatu ditu datorren ostiralerako, hilaren 6rako. Horrela, 17:00etan eskolako gaztetxoek askaria egingo dute bertso eskolaren egoitzan. Ordu bete beranduago hasiko da helduek zein gazteenek egingo duten bertso saioa. Gauerako utzi dute ekitaldi ikusgarriena. Izan ere, 23:00etan Bertshow ikuskizuna eskainiko dute lau bertsolarik eta bi musikarik, Arkaitza tabernan. Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Jokin Labaien, Egoitz Zelaia eta Manex Mujika izango dira bertsoak lotzeko arduradunak, eta Ixak Arruti gitarristak eta Eneko Sierra saxofoilariak musika jarriko dute. Haritz Casabal ariko da gai jartzaile lanetan.