![Atxiloketen gaineko berri gehiagoren zain daude hainbat lagun](http://bidasoa.hitza.eus/site/files/2014/06/DSC_0069-1024x576.jpg)
Atxiloketen gaineko berri gehiagoren zain daude hainbat lagun plazan
HITZA-k jakin duenez, Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu Oiartzunen. Atxilotu horiek Joakin Izagirre, Xabier Iragorri, Ramon Gaztelumendi eta Ramon Sagarzazu dira. Espainiako hainbat hedabidetan esan dutenez, aldi berean, Aritxulegiko Gudarien Basoa desegin dute. Atxiloketak 06:45 inguruan izan dira. Atxiloketak eta Gudarien Basoaren desegitea lotu egin dituzte, eta Espainiako hainbat hedabidek esan dutenez, “terrorismoa goratzea” leporatu diete atxilotuei. Intxaurrondoko koartelean omen daude atxilotuak, eta antza denez, ez daude inkomunikatuta.
Herritarrei hainbat zitazio banatu omen dizkio Guardia Zibilak. Zehaztu gabe dago kopurua, baina jaso dituztenek 16:30ean deklaratzera joan beharko dute Intxaurrondoko komisaldegira. Atxilotuetako batek Lartzabalgo (Oiartzun) anbulatorioan kardiologoarekin hitzordua zeukala eta, bertara eraman duela Guardia Zibilak zabaldu da.
Une hauetan Oiartzungo alkatea eta zinegotziak herriko plazan daude hamarnaka lagunekin batera informazio gehiagoren zain.
Bertan den HITZAko kazetariak jakin berri duenez abokatuekin biltzera doaz atxilotutakoen senideak, eta herri batzarra hastear da plazan une honetan. Mobilizazioak ere deitu dituzte. Lehen elkarretaratzea 13:00etan izango da Oiartzunen, ordubete lehenago, 12:00etan Errenteria-Oreretan egingo dute elkarretaratzea, eta arratsaldean, 20:00etan manifestazioa deitu dute. Aldi berean, 16:00etan kontzentrazioa egingo dute Intxaurrondon atxiloketak salatzeko.
Errenteriako Udaletik jakinarazi dutenez atxiloketen gaia aztertzeko bozeramaileen batzordea deitu dute 11:30ean. Izan ere, atxilotuetako bat, Ramon Gaztelumendi, bertako langilea da.