Errenteriako Udalak aho batez onartu du atxiloketen gaineko adierazpen instituzionala
Gaur goizean Guardia Zibilak egondako atxiloketak direla eta, Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du aho batez. Horrela, EH Bilduk, PSE-EEk, EAJk, PPk eta Ezker Anitzako bozeramaileek gogorarazi dute duela gutxi “bizikidetza eta guztien arteko errespetua” onartzen zuen adierazpena adostu zutela, “eta horretarako egia, memoria, justizia eta indarkeriaren gure herriko biktima guztientzako ordaina hartu behar dira oinarri”.
Ildo horretan, bi puntu adostu dituzte. Alde batetik, “udalak orain arte dakienarekin”, zalantzak agertu dituzte akusazioaren gainean. “Ohartarazten dugu egitate horiek orain arte ez direla ezagutarazi, nahiz eta, ustez, duela hilabete batzuk gertatu ziren”, esan dute. Bestetik, Ramon Gaztelumendiren (udaleko langilea da) errugabetasun presuntzioa “esparru publiko guztietan” errespetatzeko eskatu du udalak.