Trafikoan aldaketak emango dira ekainaren 20tik uztailaren 1era
Udal gobernuko Mugikortasun eta Bide Publikoaren Cristina Laborda delegatuak eta Udaltzaingoaren Goizane Alvarez arduradunak 2014. urteko San Martzial eta San Pedro jaietan izango diren trafiko aldaketen berri eman zuten iragan astean. Urdanibia eta San Juan plazen artean trafikoa mozteaz gain, Cipriano Larrañaga kalearen eta Zabaltza plazaren inguruan ere debekatuko dute zirkulazioa.
Ekainaren 20tik uztailaren 1era bitartean luzatuko da debekua, arratsaldeko 20:00etan hasita. Ekainaren 28an bestalde, 19:00etan hasiko da debekua, eta ekainaren 29tik uztailaren 1era bitartean, 13:00era aurreratuko dute.
Aparkatzeko bonoak eta autobusak
San Martzial jaiak luzatu bitartean, inguru horietako bizilagunentzako hainbat plaza gordeko dira Mendibil eta San Juaneko lurrazpiko aparkalekuetan. Ostegunera arte egin ahal izango dute auzokideek plaza horiek eskuratzeko eskaria, HAZ bulegoan. 100 plaza dira denera; 50 aparkaleku bakoitzean. Eskatzaile kopurua ehunetik gorakoa izango balitz, ekainaren 6an ostiralarekin zozketa egingo lukete arduradunek udaletxean. Hamar euroko kostua izango dute txartelek, eta beste 15 eurokoa txartelaren fidantza moduan.
Bestalde, Ficobako emanaldietara joatea ahalbidetuko duen autobus bat antolatu du tokiko gobernuak. 15 minutuko maiztasuna izango du, eta kontzertuen ordutegien arabera pasako da autobusa, debalde izango da eta San Juan plazatik eta Nafarroa etorbidetik igaroko da.
Urtero egin ohi duten moduan, aurten ere Dunboa ikastetxeko eta Ficoba erakustazokako aparkalekuak era librean irekiko dituzte.