'Norabide aldaketa' beharrezkoa dela iritzi dio Irungo EH Bilduk
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Partaidetzazko Aurrekontuak iniziatibaren harira balorazioa egin du Irungo EH Bilduren udal taldeak. “Erabili dugun eredua agortuta dagoen honetan, politika egiteko modua mugatu eta klase politikoa herritarrengandik urrundu egin denean, berritzaileak diren ekimenak inoiz baino garrantzitsuagoak dira”, adierazi dute taldekide abertzaleek. Hori dela eta, “norabide aldaketa” beharrezkoa dela iritzi dio taldeak.
Komunikabideetara bidalitako oharrean esandakoaren arabera, “politika egiteko beste modu bat jarri behar da indarrean. Herritarrokin batera elkarlanean, hitza eta erabakia eman eta konpartituz, egun politikariek eskutan duten gehiegizko botere horretatik kendu eta hori herritarrei emanez beste eredu baterantz joan beharra dugu”.
Guzti honengatik, “demokrazia ordezkatzaileak dituen mugak” gainditu egin behar direla uste du EH Bilduren udal alderdiak, eta aldundiak abiatutako iniziatiba “bide luze hau martxan jartzeko lehen elementu gisa” kontsideratu du.
Bukatzeko, bidasoarrak zoriondu nahi izan dituzte Irunen eta Hondarribian orain arte egindako tailerrak “arrakastatsuak” izan direla-eta.